Zabalondok kargua hartzeko hitzaldia.

2013ko ekainaren 1a
16:24
Entzun

Jaun-andreok:


Eskerrik asko, gaurko batzarrera etorri zareten guztioi. Eta etorri ezinik geratu diren laguntzaile eta irakurle guztiei ere bai.

Urteroko batzar hau inportantea da BERRIA Taldearentzat. Akziodunak oso inportanteak baitzarete BERRIA Taldearentzat. Oso inportanteak.

Aurten aurreikusita zegoen hamar urtez jardun duten lehendakaria eta kontseilari ordezkaria aldatzea. Inolaz ere aurreikusita ez zegoena zen Joxan Lizarribarrek betiko utziko gintuela. Eta hori desgrazia handi bat izan da. Oso gogorra. Galera ikaragarria. [...] Baina gaur Joxan gurekin daukagu bihotzean, eta proiektu honek aurrera egingo du, eta egitea posible da, neurri handi batean, haren ekimenari, ausardiari, denborari eta maitasunari esker; bai!
Izan ere, Joxanek askotan esaten zuen moduan, proiektu hau behar-beharrezkoa eta estrategikoa da. Kosta ahala kosta aurrera egitera animatzen gintuen beti. Baita garai zailetan ere.


Zergatik da garrantzitsua gure proiektua?


• Euskal Herria eta euskaldunok munduan kokatzen gaituelako.

• Munduaren ikuspegia eta neurria Euskal Herritik hartzen laguntzen digulako.
Bertako kazetariekin eta bertatik egina delako.

• Gure herriaren bizitzaz hitz egiten duelako... Euskal Herriak, beste edozein herrik bezala, bizia du, eta BERRIA herriaren biziaz mintzo da.

Edo bestela esateko:


• Euskaldunok nor garen eta nolakoak garen ikusteko leihoa delako.
• Gure hizkuntza eta gure kulturaren dinamikotasunaren berri zuzena ematen digulako.
• Gure gaurko historia eta egunez egunekoa idaztea ahalbidetzen digulako.
• Nola bizi garen erakusten duelako.
• Gure erreferentziak zeintzuk diren ikusten eta erakusten duelako, baita berriak sortzen dituelako ere: kulturan, zientzian, kirolean, telebistan, gizartean, arteetan, politikan...
• Gure iruditeria hornitzen duelako. 
• Euskal hedabideen esparrua eratzen eta sendotzen laguntzen duelako.
•...

Eta hori dena oso inportantea da... Horregatik munduko herrialde guztiek nahi dituzte beren hedabideak... Horrexegatik geuk ere... Ez baikara gutxiago, ezta? Eta Martin Ugaldek “Aberriaz” esaten zuen moduan BERRIAz guk esan dezagun “baina guk geure pobrea maite”.


Hedabide bakoitzak ematen du bere munduaren neurria; euskaldunok ematen ez badugu gure munduaren berri, nork emango du? Zer kontatuko dute gutaz? Orain arte nola eman duten badakigu, gutxi gorabehera.
Baina BERRIAk, euskal hedabideek, lan hori dena egin eta errazten dutela aitortuta ere, berez, horrekin bakarrik ez da nahikoa. Beste muturrean, irakurleak behar dira. Erosleak behar dira: euskal hedabideen eta euskal kulturaren kontsumitzaileak behar ditugu.


Gure etxeetan, ikastetxeetan, lantokietan, tren eta autobusetan, dendetan, kalean... ikusi eta erabili egin behar da BERRIA; esku artean txikitu arte, ahal bada; gure kideekin ditugun elkarrizketetan hitzetik hortzera gastatu arte... Aspaldiko esaera da : “Zer ikusi, hura ikasi”. Haurrek etxean eta aitona-amonen etxean zer joera ikusten duten, errazagoa izango da hazi ahala eurak ere euskal hedabideetako irakurle eta ikusle izatea. Bestela, nekez joko dute euskal hedabideetara.


Beraz, gure proiektua inportantea eta ederra da, baina hedatzen eta erreferente bihurtzen asmatu behar da. Buruhauste “inportantea” da hori ere.


Zer eskaintzen die BERRIA Taldeak irakurleei?


Kalitateko kazeta. Paperean eta Interneten. Gero eta multimediagoa eta gaurko euskarri berrietan zabalduagoa (telefonoetan, etab.).
Informazio independentea, landua, Euskal Herri osoa ardatz duena, ikuspegi zabalekoa, etorkizunera irekia, errespetuzkoa, ahotsik ez dutenei tokia eskaintzen diena, hezitzailea, integratzailea, diskriminazioari aurre egiten diona...


Beraz, gure proiektua inportantea, ederra eta zintzoa da, baina hobetu beharra dauka? Bai, beti hobetu daitezke gauzak. BERRIA Taldea berritze eta eraldatze prozesu bete-betean dago, luze irauteko asmoa duelako; eta, krisi garaiotan, atzera geratu nahi ez badu, derrigor egokitu beharra du, etorkizunari aurre hartzeko.


Zer behar du moldatze eta etengabeko biziberritze horretan? Gizartearen laguntza, dudarik gabe. Hainbat eratara jaso dezake eta jasotzen du laguntza gizartetik BERRIAk: irakurleengandik, bazkide, BERRIAlagun, herrietako batzordeena... eta erakundeena ere bai.


Gorabehera hauek denak kontuan izan nituen Larrartek proposatu zidanean lehendakaritza: Lizarribar lehendakariaren onespenarekin izan zen. Gaur haren besarkada falta dut, falta dugu denok, baina haren babesaren bermea ekarri dugu; eta hori gauza handitzat daukat. Katea eten gabe egingo baitugu aurrera.


Aukera aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko Joxani [...], bere sendiari bihotz-bihotzez, • harekin eskuz esku jardundako Joanmari Larrarteri, • baita hamar urteotan Administrazio Kontseilua osatu duten kideei, • zuei, akziodunei, BERRIAlagunei, iragarki jartzaileei,
• eta, nola ez, etxeko langileei —eta horiekin identifikatzen naiz neu ere, bertan aritua naizelako—: bai goizeko lauretan egunkaria partitzen hasten diren banatzaileei, gure informatikari taldeari, erredakzioko talde osoari, baita Administrazioaz eta publizitateaz arduratzen direnei ere.
• Ez ditut aipatu gabe utzi nahi Euskaldunon Egunkaria-n hainbesteko lana egin zuten Zumalabe, Jaka, Uria, Sors, Torrealdai, Ugalde bera...


Muxu handi bat denoi.


Amaitzeko, esan nahi dizuet uneak eskatzen duen erantzukizunarekin heltzen diodala karguari, eta, zuen laguntza ezinbestekoarekin, BERRIAk behar duen bultzadaren alde lan egiteko prest naukazuela. Ilusioz eta jarrera eraikitzailez, komunitate guztiaren indarrak batuta, euskarazko hedabideei etorkizun luzea eskaintzeko asmo betez.
Eta hala, zuek ere gonbidatzen zaituztet BERRIAren ekimenetan eta komunitatean parte hartzera, ekaitz honen erauntsiari eusten laguntzeko.


Datorren urtean sasoi honetan, aurrera egiteko gai izan garela kontatzeko moduan izan gaitezela. Hala espero dugu denok.


Eskerrik asko eta egun on izan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.