Zabalza auzia

'Zabalza auzian' ikerketa berriak abiatu ditu epaileak

Gomez Nieto guardia zibilak Perote CESIDeko agenteari Mikel Zabalza Intxaurrondon hil zutela esan zioneko grabazioa jaso zuen epaileak, eta beraz, Zabalzaren heriotza argitzeko ikerketa berria abiatu du epaile instruktoreak. Zabalzaren heriotzari buruzko ikerketa zabalik dago 1995az geroztik, bertsio ofiziala gezurtatzen duten hainbat froga eta lekukotasun baitaude. Eskuak loturik zituela guardia zibilengandik ihes egiteko Bidasoa ibaira jauzi egin eta ito zela dio Guardia Zibilaren bertsioak, baina inor ez dute auzipetu oraingoz; Felipe Bayo eta Enrique Dorado guardia zibilak inputatu zituzten, baina auzipetu ez.

2005eko apirilaren 20a
11:20
Entzun
Juan Alberto Perote CESIDeko agente ohiak lehendik esana zuen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko sarjentu ohiak adierazi ziola Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela. Perotek epaileari 1997an egin zion aitorpena, baina Gomez Nietok ukatu egin izan du.

2004ko bukaeran, El Mundo Television -eko bi kazetarik Peroteren eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketa baten grabazioa lortu zuten, eta Elena Rodriguez Donostiako Auzitegiko epaile instruktorearen eskuetan jarri. Erantzukizunak argitze aldera ekinbide berriak eskatzeko aukera eman zien froga horrek aldeei, orain arte egiaztatu gabe zegoen lekukotasunari sinesgarritasuna ematen diolako.

Horregatik, Diario de Noticias -ek gaurko alean dioenez, epaile instruktoreak ikerketa berriak abiatu ditu.

El Mundo egunkariak zabaldu zuenez, grabazioa 1985eko abendukoa da. Azaroaren 20an atxilotu zuten Zabalza, eta abenduaren 15ean atzeman zuen Guardia Zibilak gorpua Bidasoan, eta bertan Gomez Nietok adierazten du bere ustez galdetzaileak "pasatu egin zirela" eta galdeketan "joan" egin zitzaiela, "ziurrenik bihotzekoak jota, buruan plastikozko poltsa jartzearen ondorioz"; gainera, "medikuaren arabera [Zabalza] osasunez gaizki zegoen, azken urtean hiru ebakuntza egin bide zizkioten".Gomez Nietok berari eta "Pintado kapitainari»" atxilotu bat "ia gelditu" zitzaiela ere aitortu zion elkarrizketa berean Peroteri, atxilotuari "kaputxa" jarri ziotelako. Ondoren, plastikozko poltsa jartzearen ondorioei buruzko azalpenak eman zizkion Gomez Nietok Peroteri: «"Karbono monoxidoa arnasten hasten da halako batean, eta itotzen hasten da, ito egiten da (...). Kaputxak gardena izan behar du, berak bizia ikus dezan, eta badatorkion heriotzaren sentsazio hori izan dezan".

Lasa eta Zabalaren hilketetan zuzenean parte hartu zuela ere aitortzen du grabazioan Gomez Nietok, El Mundo -ren arabera. Lasari eta Zabalari buruan bi tiro eman zizkiotela dio Gomez Nietok: "Baina aurrena bi zulo eginarazi zizkieten, bi zulo eginarazi genizkien". Gomez Nieto auzipetuta egon zen aldiz batez Lasa-Zabala kasuan, baina azkenean ez zuten epaitu. Lekuko gisa hartu zuen parte epaiketan, eta CESIDi gerra zikinari buruzko informaziorik eman izana ukatu egin zuen. Gaur egun Guardia Zibileko kapitaina da, eta CNIrentzat egiten du lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.