Gipuzkoako beste bi herri prestatzen hasi dira zaborra atez ate biltzeko sistema jartzeko. Bergara eta Oñati dira, Debagoiena eskualdekoak. Mankomunitateak konpromisoa hartua du pixkana-pixkana herri guztietara sistema hori zabaltzeko, eta bi herri horietako bat izango da hurrengoa. Lehendik ari da eskualdeko beste herri bat hiri hondakinak atez ate batzen: Antzuola. Hango berri jakiten izan dira oraindik orain inguruko udaletako ordezkariak. Oñati eta Bergara batzekotan, sei lirateke Gipuzkoan zaborra atez ate batzen duten herriak.
Oraindik denbora beharko dute martxan jartzeko. Konpostatzeko gune bat egin behar dute, eta urte eta erdiko lana izango dela uste dute. Gipuzkoako Diputazioak Debagoieneko Mankomunitateari 2.000 konpostagailu ematekoak dizkio hurrengo hilabeteetan. Bitartean, sistema nola ezarri aztertzen ari dira; besteren artean, aurreko herrietan izandako arazoak saihestu nahi dituzte. Oñatin, gainera, aztertzen ari dira zaborra zintzilikarioen bidez bildu edo beste modu batera egin.
Antzuolan, bigarren urratsean
Sistema martxan duen Debagoieneko herrian, Antzuolan, zaborren %92 birziklatzea lortu dute zortzi hilabetetan; martxoaz gero dago abian atez atekoa. Datorren astean jarriko dute martxan bigarren urratsa: enpresetan ere hasi beharko dute zaborrak bereizten. Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen ere beste herrietan baino gehiago birziklatzea lortu dute, baina ez Antzuolan bezainbeste.
Zaborra atez ate biltzeari ekiteko prestatzen hasi dira Oñatin eta Bergaran
Zaborra konpostatzeko gune bat egin beharko lukete sistema berria jarri baino lehen; urte eta erdiko lana litzateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu