Zaborra gaika biltzeko sistema mistoa prest du Sakanak

Prozesu bat hasi dute herritarren artean informazioa zabaltzeko eta ereduaren ezaugarriak zehazteko

edurne elizondo
Iruñea
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Zaborra biltzeko sistema egokitua. Hori da Sakanako Mankomunitateak hurrengo urtean martxan jarri nahi duena. Hondakinak gaika biltzea da helburua, eraginkorrago izateko asmoz, baina, betiere, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta. Horixe azaldu du Sakanako Mankomunitateko kudeatzaile Adolfo Araizek. «Sistema propioa ezarri nahi dugu». Bi ardatz nagusi izanen ditu: batetik, atez ateko bilketa ezarriko dute; eta bertzetik, materia organikoa konpost bilakatzeko ereduaren aldeko apustua eginen dute.

300 biztanletik beheitiko udaletan eta kontzejuetan, hain zuzen ere, zabor organikoa ez dute jasoko, eta, horren ordez, nork bere etxean edo taldeka konposta egiteko sistemak jarriko dituzte martxan. Egun, konposta egiteko 300 gailu inguru badira Sakanan; eta kopurua 2.800era igo nahi dute Sakanako Mankomunitateko arduradunek. 300 biztanletik goitiko udaletan eta kontzejuetan, berriz, konposta egiteko aukera bazter utzi gabe, hondakinen gaikako bilketa eginen dute: atez atekoa.

Sistema berriaren bitartez, materia organikoaren erdia baino gehiago gaika biltzea da asmoa, eta, horrekin batera, errefusaren kopurua %10etik beheitikoa izatea. «Egungo ereduak materia organikoaren %25 gaika biltzeko aukera ematen du, gehienez ere. Sistema berria eraginkorragoa da», nabarmendu du Araizek. Sakanako Mankomunitateak egindako ikerketek horixe uzten dute agerian, erantsi duenez. Merkeagoa ere badela eta lanpostuak sortuko dituela gaineratu du.

Herritarren iritzia

«Sistema malgua da». Horixe nabarmendu du Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorrek, erakunde horrek mahai gainean jarri duen proposamenari buruz. «Informazioa zabaltzeko ordua da oraingoa; herritarren parte hartzea sustatzekoa», azaldu du. Horretarako, bilerak eginen dituzte herriz herri, tokian tokiko bilketak zer-nolako ezaugarriak izanen dituen zehazteko asmoz.

Altsasu bereziki aipatu dute Sakanako Mankomunitateko arduradunek. Izan ere, herri horretako udalak kontsulta egiteko aukera proposatu du, herritarrek erabaki dezaten zer-nolako sistema nahi duten. «Altsasuko ordezkariek ez dute mankomunitatearen batzarrean parte hartu. Guk informazioa zabaldu nahi dugu, eta herritarren iritzia jaso», erran du Karasatorrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.