hondakinaK

Zabortegiak ixteko akordio zabalak lortzera deitu dute Beasaingo, Azpeitiko eta Zarauzko alkateek

Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia errespetatzeko "koherentzia" eskatu dute, eta uste dute herritarren interesak lehenetsi beharko liratekeela. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du ez luketela ulertuko ika-mika politikoengatik zabortegiak ixteko erabakia bertan behera uztea.

Oihan Vitoria.
2014ko otsailaren 28a
09:38
Entzun

"Pozez, baina zuhurtziaz". Beasain, Azpeitia eta Zarauzko alkateek horrela jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiak zabortegiak ixteko hartu duen erabakia. Jakin badakite oraindik ere lan eskerga dutela egiteko. Horregatik, eragile, diputazio, mankomunitate, udalerri eta indar politiko guztien arteko akordio zabalak lortzeko deia egin dute. "Traba" politikoei aurre egiteko, "koherentzia" eskatu dute. Norberaren interesak alboratu, eta herritarren interesak lehenetsi beharko liratekeela uste dute. "Ez genuke ulertuko ika-mika politikoengatik zabortegiak ixteko erabakia bertan behera uztea", ohartarazi du Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak.

Zabortegirik gabeko Gipuzkoa aldarrikatu dute hiru herrietako ordezkariek, herritarrei usain eta kutsadura arazoak eragiten dizkietelakoan. "Itxi egin behar dira. Ez ditugu gure herrietan nahi ezta Gipuzkoako beste inon ere", nabarmendu du Etxeberriak. Gainera, oroitarazi dutenez, Europako agindu batek dio zabortegiak 2020. urtea baino lehen itxi behar direla. Argi mintzo da Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea: "Gipuzkoak ezin du etorkizuna eraiki zabortegien gainean".

Zabortegiak ixteko asmoa, abendutik aurrera

Beasain alkate Koldo Agirrek konponbide "arrazoizko" eta "merketzat" jo du foru aldundiaren erabakia. Hondakinen kudeaketaren arazorako behin betiko konponbidea lortu dutela uste du. Azaldu duenez, "begi bistakoa" da Gipuzkoa iraunkor bat egiteko ez dela azpiegitura "kutsakor" handirik eraiki behar. "Argi geratu da ez dela ehunka milioi euro xahutu behar zaborren arazoari aurre egiteko", zehaztu du.

Azpiegitura berriak egingo dira zabortegiak ordezkatzeko, Agirreren arabera. Alabaina, orain udalen eta herritarren txanda da: "Hondakinak ongi bereizi eta ahalik eta kopuru txikienean sortzea da gure helburua. Hori da urrezko araua. Ezin du beste inork egin, gure ardura da". Horren haritik, gogora ekarri du Gipuzkoako udal guztiek konpromisoa dutela bi urteko epean %60ko birziklatze tasak lortzeko. "Erronka handia, baina egingarria da. Mantso goaz, baina aurrera begira". Zarauzko Urteta zabortegia abenduaren 31n ixtea nahi du diputazioak. Lapatx (Azpeitia) eta Sasietakoak (Beasain), berriz, 2015eko apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.