Zabortegiak ixteko erabakia txalotu dute udalek

Beasain, Zarautz eta Azpeitiko agintariek diote udalei dagokiela hondakinak nola kudeatu erabakitzea

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat. Erakunde horrek erabaki du Zarauzko, Beasaingo eta Azpeitiko zabortegiak 2014. urte amaierarako ixtea, eta erabaki hori ontzat jo dute herriotako udalek.

Jendaurrean agertu dira herriotako alkate Juan Luis Illarramendi (Zarautz), Koldo Izagirre (Beasain) eta Eneko Etxeberria (Azpeitia), eta aldundiaren erabakia txalotu dute. «Askotan entzun dugu agintarien ahotan zabortegiak itxiko zituztela, baina inoiz ez orain bezain argi eta irmo», nabarmendu dute.

Alkateek argi utzi dute haientzat nahi ez dutena ez dutela bertze inorentzat ere nahi; ondorioz, pozgarritzat jo dute Gipuzkoak errauste plantaren aldeko apusturik ez egitea. «Orain arte, errauste plantaren eraikuntzak baldintzatzen zuen zabortegien itxiera. Herritarrei xantaia egitea da hori; arazo bat toki batetik kentzea, beste toki batean arazo handiago bat sortzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinak kudeatzeko plana mintzagai izan dute alkateek, eta plan horren asmoa inerteen zabortegiak toki hondatuetan egitea dela nabarmendu dute. «Birziklatzen ahal ez diren hondakinak eramango dira zabortegi horietara, baina, beti re, aldez aurretik tratatuta». Egun, zabortegietara ailegatzen diren hondakinen %70ek tratamendurik ez dute jasotzen. Eredu horren helburua zaborrak ingurumenean izan dezakeen eragina ahalik eta gehien txikitzea dela azaldu dute, egungo zabortegiak itxi ahal izateko. «Helburua da ahalik eta hondakin gutxien sortzea, eta sortzen direnak tratatzea, kutsadurarik eragin ez dezaten».

Herritarren parte hartzea

Beasaingo, Zarauzko eta Azpeitiko agintariek gogorarazi dute hondakinen kudeaketa udalen eskumena dela. Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik, hain zuzen ere, iragarri du herritarren parte hartzea sustatuko duela udalak zaborra kudeatzeko modurik egokiena bilatzeko. Asmoa, betiere, hondakinen %70 birziklatzea izanen dela azpimarratu du.

Alkateek gogorarazi dute ekainaren 17an, Donostian, Gipuzkoa Zero Zabor taldeak mosaiko bat antolatu duela, errauste plantaren aurka. Herritarrei ekitaldi horretan parte hartzeko deia egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.