Hondakinen %80 birziklatzeko modukoak direla esana zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, ikerketa baten berri eman zuenean. Orain datu berriak eman ditu: Gipuzkoako zabortegietara eramaten diren hondakinetatik, %54,3 materia organikoa dira; %8,9 papera, kartoia eta egurra; %5,3 beira; eta %12,7 ontzi arinak. Zabortegietara bidaltzen denaren %18,7 baino ez da birziklaezina; azken horren barruan portzentaje handia osatzen dute pixoihalek eta konpresek.
Ikerketa gaur aurkeztu die diputazioak Hondakinen Aholku Batzordeko kideei. Diputazioak aldian-aldian berritzen du hondakinen izaerari buruzko azterketa. Azkenak 2007an eta 2001ean egin zituen. Kasu honetan, bereizi gabe jasotzen diren hondakinak ikertu ditu. 2011n 334.000 tona hondakin sortu ziren Gipuzkoan. %33 bereizita bildu zituzten; gainerakoa, nahasita. Zabortegietara eramandako bi heren horietan zer hondakin eta zer gai dauden aztertu dute oraingoan.
Atez ateko bilketarekin, bost edukiontzirekin, eta laurekin funtzionatzen duten sistemetako errefusak aztertu ditu aldundiak. Eta ondorio honetara iritsi da: bost edukiontzirekin edo laurekin jasotzen den errefusaren tipologia antzekoa da. Kantitatetan badira aldeak, baina diputazioak ez ditu kopuru osoak aztertu. Errefusa ikertu du. Alegia, bereizita jasotzen ez diren hondakinak. Lau edukiontzirekin batutako errefusaren %64,5 materia organikoa da; bost edukiontzirekin jasotako errefusaren %66,1 organikoa den era berean. Atez ateko bilketan, aldiz, errefusean jasotako hondakinen %16,8 baino ez dira organikoak.
Herritarren parte hartzean dago aldearen gakoa. Atez ateko bilketan herritar guztiak behartuak dira materia organikoa bereiztera. Errefusera, eta beraz zabortegietara, doan materia organikoaren kopurua murriztu egiten da beraz. Lau edukiontzien kasuan ez da materia organikoa bereizita biltzen; eta bost edukiontzien kasuan, borondatezkoa da materia organikoa bereiztea. Ontzi arinei dagokienez ere antzera gertatzen da. Bost edukiontziekin jasotako errefusaren %18,2 dira ontziak eta beira; lau edukiontzirekin, %17,7.