Zabortegiko sutea gaur edo bihar itzaltzea espero dute

Hondakindegitik ateratzen ari diren materiala alboko harrobi zahar batera eramango dute, baina erakunde arteko mahaiak ez du argitu nora joango diren Verter Recycling-ek jaso beharko lukeen zaborra.

Orindik ez dute lortu Zaldibarko zabortegiko sutea amatatzea. MIGUEL TOñA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 17a
07:42
Entzun

Zaldibarko zabortegian piztutako sutea itzaltzeko ordu «erabakigarriak» direla berretsi dute lanon koordinatzaileek. Luiziari buruzko erakunde arteko mahai teknikoaren arduradunek adierazi dute sua gaur arratsaldean edo bihar goizean amatatzea espero dutela, baina halere zaintza talde bat mantenduko dutela han, sutea berpiztuz gero itzali ahal izateko. Osasun gomendioak, ordea, mantendu egingo dituzte, suteak eragindako kutsadurari buruzko datu berririk ez baita izango ostegunera arte.

URA agentziako zuzendari Ernesto Martinez de Cabredok azaldu du sua zabortegiaren goiko aldean dagoela, «gune oso ezegonkor batean». Makinen bidez, garretara lurra botatzen ari dira, «sua itotzeko»; beraz, sutearen gunera iritsi behar dira, eta horretarako, «egonkortze plataformak» eraikitzen ari dira. Hala, larunbatean lortu zuten garren fokuetako bat itzaltzea; sutearen ingurura heltzeko bi pista eraikitzen ari dira uneotan, eta gaur-biharretan espero dute garrak amatatzea.

Bycam enpresa ari da obra horiek egiten; Ekaitz Beitia bozeramaileak zehaztu du geologoen laguntza dutela une oro: «Material horiek berriz eror daitezke». Martinez de Cabredok nabarmendu du «konplexutasun tekniko handiko» abagune batean ari direla lanean, eta bertan dabiltzan beharginen lana txalotu du. Era berean, euriaren inguruko kezkak uxatu ditu: «Asko botako balu, arazoa litzateke, baina ez du ematen hala izango denik. Atzoko haize zakarra okerragoa izan zen».

Sutea itzaltzeak airearen kalitatea hobetuko duela espero dute, baina dioxinen eta furanoaren presentziari buruzko datu berririk ez dute emango ostegunera arte, orduan izango baitituzte CSIC Espainiako ikerketa zentroak aztertutako emaitzak; atzo gauean jaso zituzten azken laginak, gaur Madrilera hel zitezen. Ildo horretan, lasaitzeko mezua igorri nahi izan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Iñaki Berraondok. Eibarko eta Ermuko farmazietan maskak agortu egin direla eta, adierazi du ez dagoela horiek erabiltzeko premiarik: «Gure gomendioak dira etxeko leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea».

Bilaketa gunera hurbiltzen

11 egun dira jada Verter Recycling enpresaren zabortegian luizia izan zenetik, eta bi langile desagertuta daude ordutik. Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak adierazi du beharginok bilatzeko lanetan ere aurrerapausoak egiten ari direla. Luiziaren unean desagertuak non zeuden eta lurrak nola mugitu diren kontuan hartuta, bilaketarako «lehentasunezko zona» bat ezarri dutela esplikatu du: «Orain arte ingurua prestatzen aritu gara, eta gaur jada bilaketa gunean gaude».

Era berean, Zubiagak adierazi du zabortegiaren alboan dagoen harrobi zahar batean hasiko direla egunotan mugitzen ari diren lurra eta materiala uzten —A-8 autobidearen ondoan laga dituzte egunotan—. Edonola ere, oraindik ez dago argi nola joango diren Zaldibarko zabortegiak jaso beharko lituzkeen hondakinak. Jesus Peña Lehendakaritzako idazkariak esan du material hori bideratzeko plan bat lantzen ari direla: «Asmoa da ahalik eta gutxiena mugitzen saiatzea». Gaur arratsaldean bilera batera deitu dituzte inguruko zabortegiak, gai hori aztertzeko.

Verter Recycling hondakindegian jaso beharko litzatekeen zaborra aztertuko ote duten, ordea, ez dute argitu arduradun politikoek. Izan ere, zabortegi horretara «denetik» eramaten zutela adierazi zion atzo kamioilari batek BERRIAri: hondakinak bereizi gabe isurtzen zituztela, inolako kontrolik gabe. Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkaririk ez da izan gaurko agerraldian —Elena Moreno sailburuordea jardun da azalpenak ematen azken egunotan—, eta auzi horri buruzko adierazpenik ez dute egin mahai teknikoko gainerako kideek: «Arrazoizko galderak dira; bihar erantzungo diete Eusko Legebiltzarrean», esan du Peñak.

Kazeta honi testigantza eman zion garraiolariak antzeko beste ezbehar bat ere aipatu zuen: orain urte eta erdi inguru beste luizi bat izan zen hondakindegian. Mahai teknikoko kideek adierazi dute ez dutela gertakari horren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.