gizartea

Zahar egoitzen auzian Adegi "tranpa egiten" ari dela uste dute sindikatuek

ELAk eta LABek deituta, greba egingo dute bihar, etzi eta etzidamu Gipuzkoako zahar etxeetan.

urtzi urkizu
2013ko otsailaren 26a
18:36
Entzun

Zaharren egoitzetako langileen baldintzak babesteko 8,2 milioi euro emateko prest azaldu zen duela aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundia. Adegik uko egin zion diru horri. Baina, aste honetan, patronalak prentsan azaldu du prest dagoela diputazioak eskainitako 8,2 milioi euroak onartzeko. Baina Adegiko ordezkariek esan dute ez dutela onartuko lan erreformaren aurkako osagaiak sartzea —45 eguneko kalte-ordaina zein ultraaktibitatearen muga ezabatzea—. Diputazioak bestelako bertsioa eman du; azaldu du atzera egin ezean Adegik auzitara joko duela esan diela.

Era batera edo bestera, diputazioaren eskaintzaren inguruan egindako adierazpenekin Adegi «tranpa egitea» ari dela uste du ELAko ordezkari Iñigo Zubeldiak. "Adegik komeni zaiona egiten du. Diputazioaren dirua hartu bai, baina erreformaren aurkako neurriak onartu ez. Lotsagabekeria da". ELAko ordezkariak argi du ez dela hitzarmen berririk egongo. "Gehiengo sindikala ados gaude honetan, eta patronalaren jokaera salatuko dugu". Espainiako lan erreforma aplikatu nahi diete langileei, eta horrek uztailetik aurrera hileko soldatan 400 euroko jaitsiera ekarriko lieke. Eta urtean 200 ordu gehiagoz aritu beharko lukete lanean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, Adegiri eskatu dio ez eragozteko hitzarmenaren negoziazioak postura "maximalistekin". Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugartek eta Gizarte Politikarako diputatu Ander Rodriguezek foru aldundiaren «zilegitasuna» nabarmendu dute. Adegiri galdegin diote diputazioari "errespetua" izateko. Eta zehaztu dute diru eskaintza horrek baldintzak dituela: langileen baldintzak errespetatzea alegia.

Greba, gaur, bihar eta etzi

Gipuzkoako zaharren egoitzetan greba deialdia egin dute ELAk eta LABek biharko, etziko eta etzidamuko. CCOOk eta UGTk ere greba antolatu dute biharko, baina aparte. Zahar etxeetako langileei Espainiako lan erreforma aplikatu nahi diete, eta horrek uztailetik aurrera hileko soldatan 400 euroko jaitsiera ekarriko lieke. Gainera, urtean 200 ordu gehiagoz aritu beharko lukete lanean. Grebak hirugarren adineko 6.500 laguni eragingo die.

Ander Rodriguez Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politikarako diputatuak barkamena eskatu die grebak kaltetutakoei. Zahar etxeetan dauden pertsonen higienea, elikadura eta sendagaiak  bermatuko direla ziurtatu du Rodriguezek. Zaharren egoitzen funtzionamendua %60koa izango da otorduen garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.