Zahar etxe pribatuek «etekina kalitatearen aurretik» jarri dutela salatu du Europako Kontseiluak

Adinekoak zaintzen dituzten langileei «haien hil edo biziko eginkizunarekin bat datorren ordaina» emateko deia egin du Giza Eskubideen Komisarioak.

Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Komisario Dunja Mijatovic, iazko abenduan Bosnia eta Herzegovinako errefuxiatu kanpaleku batera eginiko bisitan. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 20a
16:05
Entzun

Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Komisarioak adierazpen bat argitaratu du salatzeko Europako zahar etxeetan koronabirusaren izurrian gertaturikoa. Dunja Mijatovic serbiarrak nabarmendu du koronabirusak Europan hil dituen erdiak egoitzetan bizi zirela, eta gogor salatu du horiek kudeatzen dituzten enpresak: «Hainbat arrazoik bultzatu dute erakunde horietan hain heriotza tasa handia egotea, egoiliarren osasun hauskorraz gain. Horien artean dira prestaketa falta adinekoen egoitzetan, zeinetako askok langile falta kronikoa daukaten, eta horien jabe pribatuek batzuetan etekinak zaintzaren kalitatearen aurretik jarri izana aspaldi honetan».

Heriotza tasa handia izan da, nahiz eta egoitza horietan konfinamendu neurri zorrotzak hartu diren, eta populazio orokorrari baino lehen, komisarioak nabarmendu duenez. Bakartze horren «prezioa» ere ordaindu dute egoiliarrek, buruko osasunean.

Komisarioak salatu du hainbat herrialdetan asteak behar izan dituztela zahar etxeetan hildakoak kontu ofizialetan zenbatzeko. Frantzia eta Erresuma Batua aipatu ditu, adibide gisa.

Egoiliar asko gaixotu eta hil dira «erabat bakarrik eta bakarturik, askotan haien senideek jakin gabe», adierazi duenez.

Zahar etxeetan norbera babesteko jantziak falta izan direla salatu du komisarioak, baita ikerketa epidemiologikoak ere, eta kutsatzea aurreikusteko eta kontrolatzeko neurriak. Egoitzen eta erietxeen arteko koordinazio «nahikorik» ez dela egon adierazi du.

Hainbat herrialdetan larrialdiaren kudeaketa «kaotikoa» izan dela salatu du komisarioak. Espainiaren kasua aipatu du: «Hainbat kasutan, egoiliarrak erabat abandonatu zituzten, nahiz eta kutsaturik egon». Izan ere, Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek esan zuen martxoaren amaieran hainbat egoitzatan adinekoak ohean hilda topatu zituztela.

«Bereziki asaldatzen naute hainbat estatu kidetatik helduriko txostenek, zeinek adierazten duten erakunde horietako egoiliarrei erietxetan ingresatzea ukatu izana hainbat kasutan», idatzi du Mijatovicek. Helduei tratamendua ukatu diete erietxeetan, oheak libre egon arren, nabarmendu duenez. Suedia halako kasuak ikertzen ari direla esan du.

Frantzian, Espainian eta Italian ere zahar etxeen inguruko ikerketak egiten ari direla adierazi du, eta Giza Eskubideen Europako Itunaren 2. artikulua ekarri du gogora, bizitzarako eskubidea zehazten duena. «Estatu kideek argitu egin behar dituzte erakunde horietan gertaturiko heriotzak, salbuespenik gabe».

Ikasteko deia

Europako Kontseiluko giza eskubideen komisarioak kideei eskatu die ikasteko, «tragedia hau berriz gerta ez dadin», Twitterren argitaratu duen mezu batean.

 

Bide horretan, egoitzetako langileei behar diren babes tresnak emateko eta testak sistematikoki egiteko eskatu du. Langileei «trebakuntza eta sostengu egokia» eman behar dietela esan du, eta «pandemiari erantzuteko lanean duten hil edo biziko eginkizunarekin bat datorren ordaina».

Europako herrialde guztiek gizarte zainketan erreformak egin behar dituztela adierazi du komisarioak, «tragediaren erroan dauden kasuak epe luzerako ezabatzeko». Horrez gainera, «pertsonen beharrak eta duintasuna lehenesten» dituzten adinekoen zaintza sistemetara jotzera deitu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.