"Ez aurrera ez atzera dabil Gipuzkoako nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa". LAB sindikatuko ordezkariek egin dute gaur goizean ohartarazpena, eta esan dute mobilizazio batera deitu dituztela zahar etxeetako langile guztiak: ekainaren 14an izango da, 18:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian. Patronalei egotzi diete negoziazioak etenda egotea. Izan ere, urritik ez dira gehiago elkartu haiekin. "Akordietara iristeko gogo eza nabaria da". Bost eskari nagusi dituzte langileen ordezkariek: herrialdeko hitzarmen bat nahi dute sektoreko langile guztientzat, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen batez bestekoarekin homologatzeko eskatu dute, egiturazko lanpostuak zuzenean kontratatzeko, ratioak berrikusteko eta langileen prestakuntzarako orduak bermatzeko.
Aldaketa horiez harago, "funtsean" zaintza eredua "goitik behera" aldatu behar dela esan dute. "Beharrezkoa da interes ekonomikoetatik aldenduko den eredu bat. Jendartearen oinarrizko eskubideak bermatuko dituen eredua". Ekaineko mobilizazioa egitearekin batera, egoera zertan den aztertuko dutela adierazi dute langileek, eta orduan erabakiko dutela uda ostean protestekin jarraitu behar den, eta zer nolakoak izan behar duten.
Agerikoa da sektorean egonezina. ELAk orain aste batzuk esan zuen uda bitartean auziaren gaineko sentsibilizazioa egingo duela, eta udazkenean grebak egiten hastesko asmoa duela.