Lan gatazka

Zahar etxeetako langileek ikatza utzi dute Gipuzkoako Foru Aldundian

Dagoeneko 180 greba egun egin dituztela gogoratu diote Markel Olano diputatu nagusiari

Olentzero eta Maridomingi, foru agintariei ikatza uzten, gaur, Donostiako Gipuzkoa plazan. ERRESIDENTZIAK BORROKAN
Erredakzioa
2019ko abenduaren 24a
12:54
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak manifestazioan joan dira gaur goizean Foru Aldundiaraino, eta, han, ikatza utzi diete Markel Olano diputatu nagusiari eta Gizarte Politiken buru Maite Peñari. ELAko ordezkari Txomin Lasak erakundearen jarrera txarretsi du ekitaldian, eta Olanori gogoratu dio langileek dagoeneko 180 greba egun egin dituztela. Lanuztea urtarrilaren 10era arte dago deituta, baina Lasak ez du baztertu harago luzatzea, patronala langileen eskaerei entzungor egiten jarraituz gero.

Aldundia ez dela "mugitu" salatu du Lasak, eta erakundeak langileekiko harreman biderik ez duela zabalik.

ELA, sektoreko sindikatu nagusia —langileen %60 ordezkatzen ditu—, joan den urteko urrian altxatu zen negoziazio mahaitik. Sindikatuak gutxieneko bi baldintza ezarri dituzte berriz esertzeko: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea, eta sinatutako akordioa enpresa bakoitzak zigilatzea. Gainera, ELAk, abenduaren hasieran, aldundiari egotzi zion sinetsarazi nahi izatea ELA mahaian esertzen ez delako dagoela gatazka: «Negoziazio mahaian egon ginen 2017ko urtarriletik 2018ko urrira, eta orduan ez zien axola gu bageunden ala ez», esan zuen orduan Lasak.

Diputazioko ordezkariek «ez dutela aurpegia ematen» salatu zuen: «Gogorra iruditzen zaigu Olanok eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak hemen ezer gertatzen ari ez balitz bezala jokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.