ELAk eta LABek deituta hiru eguneko greba hasi dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. CCOOk eta UGTk ere euren deialdia egin dute. Zaharren egoitzetako langileei Espainiako lan erreforma aplikatu nahi diete, eta horrek uztailetik aurrera hileko soldatan 400 euroko jaitsiera ekarriko lieke. Gainera, urtean 200 ordu gehiagoz aritu beharko lukete lanean. Iazko urrian negoziazio mahai bat sortu zuten langileen ordezkarien eta patronalaren artean, baina hilabete hauetan ez dute akordiorik lortu.
Manifestazio bat egin dute Donostian, Zaharren egoitzak hitzarmen duina. Erreformarik ez! lelopean. "Sektorearen %100 hemen dagoela esan dezakegu, greba historikoa izan da", adierazi du Iñigo Zubeldia ELA sindikatuko ordezkariak. Joan den legealdian egindakoa kritikatu eta oraingo aldundiak Adegiri egindako eskaintza eskertu dute, manifestazioan diputazioaren atarira joanda.
Mila langile inguruk egin dute bat martxarekin. "Erreforma ez dute onartuko. Aurretik hilko litzateke sektorea", nabarmendu du Zubeldiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 8,2 milioi euroko eskaintza egin du datozen bi urteetarako, langileen soldatak eta baldintzak bermatzeko. ELAren arabera, Adegik uko egin dio eskaintza horri eta lan erreformaren "muturreko" aplikazioaren aldeko apustua egin du. "Onartezina da Gipuzkoako patronalaren jokaera. Adegik eskakizun bat bidali du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Sailera, administrazioarekiko auzi helegite bat jarri aurretik. Bertan eskatu dute hitzarmenaren proposamena bertan behera uzteko eta diputazioak bere funtzioetan muga gainditu duela onartzeko".
ELAren iritziz, Adegiri ez zaizkio batere inporta langileen baldintzak: "Adegik prekarietatearen aldeko apustua egiten du. Irabaziak handitu nahi ditu langileen soldaten eta lan baldintzen kontura, nahiz eta zaharren egoitzen finantzaketaren %87 diputazioak jarri". Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Sailaren eskaintza ondo baloratu du ELAk, eta, aferari irteera bat bilatzeko, bere burua eskaini du.
Negoziazio mahaian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuko kideak. Eta denek arduragabetzat jo dute Adegiren erantzuna. Negoziazio mahaia apirilaren 16an bilduko da berriz.
Gutxieneko zerbitzuak
Gipuzkoako zahar etxeetan, komunitate etxebizitzetan, eguneko zentroetan eta tutoretzako apartamentuetan egingo dute greba datozen hiru egunetan. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu hiru egun horietarako. Egoitzetako pertsonei jaikitzeko eta oheratzeko, osasun laguntza jasotzeko (sendagaiak, sendaketak...), norberaren garbiketa egiteko, elikatzeko eta sendagaiak hartzeko beharrezko zerbitzuak emango zaizkiela erabaki du Gizarte Politikarako Sailak. Halaber, gutxieneko zerbitzutzat hartuko dituzte oinarrizko zeharkako arreta zerbitzuak ere.
Gipuzkoako egoitzetan 5.057 lagun erabat artatzen dituzte —horietatik %80k mendekotasun handia dute eta %15k bestelakoa—. Eguneko zentroetara beste 1.449 lagun joaten dira.