«Zailtasun larriak» iragarri dituzte Nafarroako euskarazko hedabideek

2012rako laguntza eten nahi die gobernuak, eta aurten ere erdia kentzea litekeena da; gaztelaniaz ari direnek jasoko dute

Ttipi-Ttapako Jose Manuel Irigoien, Topaguneko Oskar Zapata eta Bierrik fundazioko Ainhoa Urretagoiena, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gaztelaniazko hedabideak babestu, eta euskarazkoak ito. Horixe da Nafarroako Gobernuaren asmoa, euskarazko hedabideetako ordezkariek jendaurrean salatu dutenez. Argi eta garbi erran dutedatuek erakusten dutela errealitate hori, ez dagoela interpretaziorako tarterik. Eta datuak hauek dira: batetik, Nafarroako Gobernuak jada adjudikatutako aurtengo diru laguntzen %35 murriztu diela euskarazko hedabideei. Horixe jakinarazi diete hedabideotako arduradunei berriki. Egoerak okerrera egin dezake, gainera, atzo bertan Euskarabideko zuzendari Maximino Gomezekin egin zuten bileran jakin zutenez diru laguntzaren erdia galtzeko aukera plazaratu baitzuen; alegia, laguntzen bigarren erdia ez ematekoa. «Aukera hori omen dago», erran du Ttipi-Ttapako arduradun Jose Manuel Irigoienek. Hori ikusirik, kezka: «zailtasun larriak»izango dituzte itundutako gastuei aurre egiteko ere, Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko ordezkariaren aburuz.

Zinez kritiko mintzatu da. «Euskarazko hedabideak ez ditu kontuan hartzen Nafarroako Gobernuak; bigarren mailako herritarrentzako bigarren mailako hedabidetzat hartzen gaitu». Eta geroa oraindik ere ilunago dator. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuan euro bakar bat ere ez da jasotzen hedabideontzat. Diru sailik ez da. Neurri hori urte bakarrerako ez izateko aukerak kezkatzen ditu hedabideotako ordezkariak. Euskarabideko zuzendariaren ahotik entzundako hitzek piztu diete kezka hori. «Etorkizuna beltz datorrela erran du, eta gerta daitekeela 2012ko murrizketak datozen urteetan ere ezartzea», aditzera eman du Irigoienek.

Etorkizuna makur dator, baina ez, ordea, guztientzat. «Erabaki politikoa da hau», erran duZapatak, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako diru laguntzak desagerrarazteko egin duen urratsari buruz. «2012rako 2.450.000 euroko diru saila aurreikusten da Nafarroako gaztelaniazko hiru telebista kate pribatuentzat; Canal 4, Canal 6 eta Popular TV kateentzat, alegia. Azken urteotan, halaber, urtean hiru milioi euro jaso dute hiru hedabide horiek. Euskarazko hedabideontzat, berriz, gehienez ere 300.000 euroko sailak izan dira».

Aurten, zehazki, 210.000 eurokoa izan da saila. Hamaika hedabideren artean banatu behar izan dute. Eta ez dago argi sail horren bigarren erdia jasoko ote duten. Hezkuntzan gaztelania bultzatzeko eta zaintzeko saila martxan jartzeko arazorik ez du izan, ordea, Nafarroako Gobernuak. Publizitatea jartzeko orduan ere agerikoa da euskarazko hedabideen kontrako jarrera, Zapataren hitzetan; «Nafarroako Gobernuak publizitatearen esparruan gastatzen duen aurrekontuaren % 99 baino gehiago gaztelaniazko hedabideetan gastatzen du».

PSNren jarrera

Bereziki, kontraesana da PSNko kideen jarrera, hedabideetako kideek agerian utzi dutenez. UPNrekin batera Nafarroako Gobernuan dira orain, euskarazko hedabideentzako diru saila bertan behera utzi nahi duten honetan. 2008. urtean, berriz, Nafarroako Parlamentuan euskarazko hedabideen alde onartu zen ebazpenaren alde egin zuten PSNko legebiltzarkideek. Ebazpen horren bitartez, Nafarroako Gobernuari eskatu zioten hitzarmen bat izenpetzeko, euskarazko hedabideen egoera egonkortze aldera. Orduko gobernuak ez zuen halakorik sinatu. Eta oraingoak, sozialistak kide dituenak, ere ez.

Euskarazko hedabideek, hala ere, eutsi egin nahi diote hitzarmen baten bitartezegoera aldatzeko eskaerari. PSNko arduradunekin bilera egiteko asmoa dute, hain zuzen ere, zuzenketen bidez haientzako diru laguntzei eutsi ahal izateko datorren urteko aurrekontuetan. Bilduk, Nafarroa Baik eta Ezkerrak aurkeztuak dituzte hori lortzeko zuzenketak, eta hilaren 22an amaituko da halakoak aurkezteko epea. Nafarroako arartekoari ere premiazko bilera eskatu diote hedabideetako ordezkariek. Abenduaren 16an, halaber, Nafarroako Parlamentuan izanen dira; haien egoeraren eta arazoen berri emateko parada izanen dute bertan.

Ataka zailean egonik, Nafarroako gizarteari ere eskaera zehatza egin diote euskarazko hedabideetako kideek. Egungo egoeraren larritasunaz jabetu beharra azpimarratu dute, batetik, eta, alde horretatik, herritarrei arduraz jokatzeko eta euskarazko hedabideak sostengatzeko eskatu diete. Nafarroako Gobernuan eta Nafarroako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdiei, bertzetik, 2012ko aurrekontuetan hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdiari eustea galdegin diete. Hori beharrezkotzat jotzen duten hitzarmena lortzeko lehendabiziko urratsa izatea nahiko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.