Zaintza lanak, feminizatuta, pribatizatuta eta prekarizatuta

Azaroaren 30eko greba orokorrerako arrazoiak eman dituzte ELAk eta LABek. Lan baldintzak duintzea, zaintza lanak banatzea eta zerbitzuak publifikatzea aldarrikatu dute bi sindikatuek

Garbiñe Aranburu eta Edurne Larrañaga LABen agerraldian, atzo. A.LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean zaintza sistemaeraldatzeko premia aldarrikatuko du mugimendu feministak, eta behar hori datu bidez irudikatu zuten atzo ELAk eta LABek. Txosten bana aurkeztu dute, baina ondorio bertsuetara iritsi dira bi sindikatuak: zaintza lanak, ordainduak zein ordaindu gabeak, emakumeen gain daude; pribatizatuta, bai familien eremuan bideratzen direlako, bai zerbitzuak azpikontratatuta ematen direlako; eta beraz, baldintza prekarioetan. Grebaren bidez, auzia eztabaidaren arretagunean jarri nahi dute bi sindikatuek. «Lehen mailako arazo politiko bat da», adierazi zuen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erretorika hutsa izango da, zaintza duina bermatzen ez bada eta zaintzaileen eskubideak duintzen ez badira», erantsi zuen Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak.

Eredua iraultzeko lehen baldintza da zaintza aitortzea, baina errealitatea da lan horiek ikusezinak direla datu ekonomikoetan. Ildo horretan, zenbakietara jo du LABek: Hego Euskal Herrian 186.800 herritar ari dira etxeko lanetan (%88 emakumeak); horiei gizarte zerbitzuetan dihardutenak gehituta, «zaintzako langileek sortzen duten aberastasuna [EAEko] BPG barne produktu gordinaren %25,75 da, hau da, eraikuntzan (%4,2) eta industrian (%17,2) sortzen dena baino handiagoa». Datuon esangura nabarmendu du Aranburuk: «Zaintzak badu pisu bat, baina ez zaio ematen horren araberako balio politiko, ekonomiko eta sozialik; eta gainera, ezinbesteko lanak dira bizitzari eusteko».

Zaintza lanen banaketaren argazki xehea egin du, bestalde, ELAk, eta berretsi egin du mugimendu feministak salatua. «Emakumeen eta gizonen dedikazioaren arteko aldea murriztu egin da azken 11 urteetan, baina oraindik zaintza lanen banaketa oso desorekatua da: emakumeek hartzen dituzte beren gain ordaindu gabeko lan gehienak; batez beste, 2,2 ordu gehiago egiten dituzte egunean», azaldu du Janire Landaluzek, sindikatuaren azterketa bulegoko kideak. Era berean, horrek eragina du andreen enpleguan: lanaldi partzialen feminizazioan eta soldata arrakalan.

Artatu gabekoak

Hala, zaintza lan ugari familia eremuan kudeatzen dira, «sistemak bete gabe uzten» dituelako zaintza premia gehienak. Landaluzek gogora ekarri du Hegoaldean 220.000 pertsonak dutela mendekotasun egoera aitortua, baina beste asko erregistroetatik kanpo daudela. Joan den astekoa da datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.346 lagun hil ziren urtarriletik maiatzera, mendekotasun mailaren balorazioaren zain eta, ondorioz, laguntzarik jaso gabe. «Sistema publikoaren gabezien ondorioz, zaintza lanak feminizatu eta familiarizatu egin dira».

Eta erakunde publikoek kudeatzen dituzten zerbitzuei begira ere, ondorio argi bat ageri da: zerbitzu gehienak enpresa pribatuen esku daude. Eustatek 2020an emandako datuak ekarri ditu ELAk: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 434 zahar etxe zeuden orduan, horietako 146 baino ez ziren titulartasun publikokoak, eta 40k baino ez zuten kudeaketa publikoa. «Instituzioek ez diote garrantzirik eman zaintzari, eta, horren ordez, negozio bihurtu dute. Zaintzak pribatizatzeko estrategia bat dago martxan, eta klasearen, generoaren eta arrazaren araberako azterketa egin behar da», ondorioztatu du Lakuntzak.

Ildo horrekin bat etorri da Aranburu: «Zaintza sistema publikoa ez da garatu; zaintza lanak pribatizatuta eta merkantilizatuta daude». Hala, haren ustez, egungo zaintza eredua «bidegabea eta bideraezina» da: «Bidegabea, emakumeen bizkar gainean erortzen delako, eta modu oso prekarioan. Eta bideraezina, sistemaren iraupena oinarritzen delako doako etxeko lanetan eta lan merkatuan prekarizatutako enpleguetan».

Joera horrek eragina du zerbitzuon kalitatean eta langileen baldintzetan: zaintza beharrizanen estaldura apala, soldata baxuak, langile ratio txikiak… Eta jardun sindikalerako abagune gutxiago, LABek ohartarazi duenez: «Etxez etxeko laguntza zerbitzuak azpikontratatzearen ondorioz, zailagoa da langileak antolatzea eta euren eskubideen alde borroka egitea; adibidez, KPIaren araberako soldata eguneraketak ez dira ohikoak sektorean».

Dena den, feminismoa ekintza sindikalera eramateak emakumezko beharginen ahalduntzea ere ekarri duela uste du Aranburuk: «Egungo sistema gero eta iraungaitzagoa da, besteak beste, emakumeek planto egin dutelako. Zaintza krisiaren atzean ez dago bakarrik bilakaera demografiko bat, baizik eta emakumeok gero eta gehiago altxatzen dugula ahotsa, ez gaudelako prest modu horretan zaintzeko». Ados dago Landaluze: «Lan eremuaz harago, zaintzaren auziak agerian utzi du kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka». Arazoaren muinera jo du Lakuntzak: «Ez dute zaintza eskubide gisa onartu nahi».

Eraldaketarako bidea

Hortaz, zaintza sistema eraldatu nahi izatea, LABen aburuz, «egungo sistema patriarkala, kapitalista eta kolonialista inpugnatzea» da. Hiru eskaera zehaztu ditu sindikatuak: bat, zaintzaileen lan baldintzak duintzea; bi, zaintza sistema publiko-komunitarioa sortzea; eta hiru, zaintza lanak aitortzea, banatzea eta berrantolatzea. «Guztiok izan beharko dugu zainduak, guztiok izan behar dugu zaintzaile, eta gizonek dagokien ardura hartu behar dute», nabarmendu du Aranburuk.

ELAk, berriz, bost ezaugarri jarri dizkio bestelako zaintza eredu horri: publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzukidea. Leire Gallego ekintza sozialeko arduradunak azaldu duenez, pribatizatutako eta azpikontratatutako zerbitzuak «publifikatzea eta zabaltzea» dakar horrek: «Lankidetzapubliko-pribatua kontzeptua tranpatia da: esan nahi du enpresa pribatuek agintzen dutela, eta administrazioek, dirua jartzen». Erantsi du zaintza zerbitzuak ezin direla jaso norbere diru sarreren arabera, eta zergen bidez finantzatu behar direla, ez berrordainketaren bidez. «Orain, eskubidea iristen da aurrekontua iristen deneraino, eta ez da nahikoa».

Lan baldintzen inguruan, antzeko eskaerak egin dituzte bi sindikatuek: zaintzaileak erregularizatzea, etxeko langileak erregimen orokorrean sartzea, lanaldi partzialak luzatzea, gaueko zein eguneko ratioak hobetzea... ELAren arabera, horrek esan nahi luke 10.000 lanpostu berri baino gehiago sor daitezkeela zaintzaren sektorean. «Instituzioek dute ardura: gobernuen, aldundien eta udalen esku dago; greba feminista orokorrak interpelatu egiten ditu», esan du Lakuntzak. Aranburuk, ildo beretik, azaroaren 30ean eginen dituzten mobilizazioetan jarri du gogoa: «Greba arrazoitua eta beharrezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.