Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, "erremate eta freskatze" lanetan ari dira suhiltzaileak, eta hala jarraituko dute datozen orduetan: "Arazoa da haize handia dabilela, eta horregatik mantendu behar dela zaintza talde hain handia, badaezpada". 30etik hamazazpira jaitsi dute sutea kontrolatzeko lantaldea. "Suhiltzaileek diotenez, sua guztiz itzali arte ezingo da esan egoera kontrolpean dagoenik. Oraingoz, kea sor daitekeen gune horiek freskatzen eta errematatzen ari dira".
Ostegunean piztu zen sua Nafarroa erdialdean, Tafalla eta Puiu artean. AP-15 errepidean auto batetik botatako zigarrokin batek eragin zuen sua. Tenperatura beroek eta hego haizeak bultzatuta, berehala hedatu zen sutea Artaxoarantz eta Añorberantz. Sua ez zen hiriguneetara iritsi, baina haietatik oso gertu gerarazi zuten suhiltzaileek eta boluntarioek. Nafarroan azken hiru hamarkadetan izandako suterik handiena da: 3.800-4.000 hektarearaino igo zuen atzo gobernuak kaltetutako eremuaren neurria, 30 kilometroko perimetroarekin.