Espainiako Gobernuak iragarri du haurren zaintza partekatua babesteko legea bultzatuko duela. Alberto Ruiz -Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak jakinarazi du Kode Zibila aldatuko dutela, zaintza partekatua ez dadin izan salbuespenezko erabaki bat, baizik eta epaileek kontutan hartzeko eredu egokia.
Egun gurasoek hala eskatzekotan bakarrik baimentzen du epaileak zaintza partekatua. Baita "salbuespenezko" egoeratan, alegia, gurasoetako batek zaintza partekatua haurrarentzat "eredu onuragarriagoa" dela frogatzen duenean; horretarako epailearen aurrean txosten bat aurkeztuz.
Kidetzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Guraso Bananduen Federazioak, 51.277 sinadura aurkeztu zituen otsailean, Eusko Legebiltzarrean, zaintza partekatua arautuko duen lege bat eskatzeko. "Herritarren %80 zaintza partekatuaren alde daude", azaldu zuten federazioko ordezkariek.
Gallardonek azaldu du helburua zaintza partekatuak duen "salbuespenezko izaerarekin amaitzea" dela. Justizia ministroak emandako datuen arabera, dibortzioen %10ean bakarrik adosten da zaintza partekatua gaur egun. Erabakia epailearen eskuetan utsi nahi da eta hala fiskalaren txostena ez da loteslea izango. Horrela epaileak zaintza partekatua ezartzeko aukera izango du naiz eta gurasoek halakorik eskatu ez; betiere, "haurrarentzat aukera onuragarriena izatekotan".
Epaileak ere konforme agertu dira erabakiarekin. "Zaintza eredu guztiak berdinak izatea proposatzen da, araudiak ez dezala ereduetako bakar bat positiboki inposatu", azaldu du Xoaquin Bosch Jueces para la Democracia elkarteko bozeramaileak.