Zaintza partekatua lehenesteko lege proposamen bat aurkeztu du Kidetzak

Eusko Legebiltzarrera eroan dute, eta helburua argia dela diote: umeen interesak babestea eta gatazkak saihestea

Kidetzako kideak, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratze egiten, otsailean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guraso bananduen federazioak, Kidetzak, umeen zaintza partekatua lehentasunezko aukera gisa jasotzen duen lege proposamen bat aurkeztu zuen joan den astean Eusko Legebiltzarrean. Kidetzako kideek azaldu dute berdintasuna bultzatzeko, adingabeen interesak babesteko eta bereizketa kasuetan auzitara jo behar ez izateko lege proposamen bat dela.

Testua egiteko Frantziako eredua oinarritzat hartu eta hobekuntza batzuk egin dizkiotela azaldu du Justo Saenz Kidetzako kideak. «Zaintza partekatuaren aldeko legea onartu zutenetik, Frantzia osoan asko jaitsi da auzitara joan behar izan duten guraso bananduen kopurua». Hain zuzen, bikoteen arteko gatazkak %84jaitsi direla dio.

Horrela, aurretik Nafarroan edo Katalunian egin den bezala, EAEn ere autonomia erkidegoko legea aldatzeko eskatu dute Eusko Legebiltzarrean: «Estatutuak ematen dizkigun eskumenak erabili behar ditugu euskal herritarren arteko eskubide ezberdintasunak murrizteko».

Kidetzak proposatutako legearen oinarria, zaintza partekaturako plan zehaztua da; guraso bakoitzaren betebehar eta eskubideak zehazten ditu. Bestalde, epaileek adingabeen interesak defendatzeko tresna gehiago beharko lituzketela ere azaldu dute. Horretarako, proposamenak, epailearen eta familia bitartekaritzaren arteko koordinazioa bermatuko duen figuraren beharra agerian utzi du. Egungo orientazio eta bitartekaritza zerbitzuak aski ez direla ohartarazi dute.

Neurri horiekin umeek guraso biekin harremana izatea lortuko dutela diote Kidetzako kideek, eta gurasoek umeen zaintzan eta hezkuntzan dituzten erantzukizunak egokiago beteko dituztela. Hala ere, garrantzitsuena, adingabeen interesak defendatzea dela nabarmendu dute, eta epaileek hala erabakitzen duten kasuetan, zaintzak alde bakarrekoa izan beharko duela.

Berdintasunaren aldeko legea

Lege proposamenaren onura nagusi bat sexuen arteko parekidetasuna bermatzea dela gaineratu du Arantza Bergara Kidetzako kideak. Azaldu duenez, gaur egungo legearen ondorioz, seme-alaben zaintza, hezkuntza eta mantenua amaren esku gelditzen da kasuen %90ean. «Hori kontzeptu matxista dela uste dugu, emakumeak bakarrik zaindu behar izaten ditu umeak, bere garapen pertsonala eta lanekoa mugatuz». Adingabeak zaindu ahal izateko, emakumeak sarri askotan lanpostu prekarioak onartzera behartuta daudela azaldu du Bergarak. «Horrek, bikotekide ohiaren menpe jarraitzea eragiten die emakumeei», salatu du.

Lege proposamenak umeen mantenua guraso bakoitzaren diru sarreren arabera egingo dela zehazten du. Justo Saenzek azaldu duenez, bereizketa kasuetan, egoera bidegabeak ematen dira sarritan, esaterako, etxebizitzari dagokionez, eta saihestu egin nahi dituzte horrelakoak. «Egoera hauek ere aurreikusiko dituen legea nahi dugu, familiei babes osoa emango diena».

Eusko Legebiltzarrak proposatutako legea aintzat hartuko duen esperantza dutela azaldu dute Kidetzako kideek, euskal gizarteak zaintza partekatua defendatzen duela azalduz. 36.000 sinadura, eta elkarte, udal zein enpresa batzordeen babesa jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.