Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen Elkarteak zaintza partekatua defendatu du Eusko Legebiltzarrean, eta aurreko legegintzaldian abiarazitako herri ekinbide legegileari heltzeko eskatu diete legebiltzar taldeei.
Horretarako, eta taldeekin bildu ondoren, elkarteak aldaketa proposamen batzuk aurkeztu dizkio jatorrizko ekinbide legegilearen testuari.
Horien artean, umeen zaintza partekatua "lehentasunezko eredu" izateari utzi, eta gurasoak banatzen diren kasuetan "arau orokorra" izan dadila proposatu dute Kidetzako kideek, betiere kasuak banan-banan aztertuta.
Aldaketa hori Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenetan oinarritu dutela azaldu dute.
Beste aldaketetako bat genero indarkeria salaketak izan diren kasuei dagokie. Kidetzak "testua orraztu" duela jakinarazi du, argiagoa izan dadin.
Genero indarkeriagatiko salaketa argitu bitartean umeen zaintzari buruz epaileak proposatutako neurria behin-behinekoa izatea proposatu du, epaia jakinarazterakoan horren araberako behin betiko erabakia hartzeko.
Aldaketa horiek jatorrizko testuan txertatu beharko lirateke lege proposamena eztabaidatzen hasitakoan. Dena den, gaur-gaurkoz Eusko Legebiltzarrean ez dago mugimendurik gai horri dagokionez.
Legebiltzarreko Mahaiari dagokio gaia berrabiaraztea; hortik aurrera, zuzenketak landuko dituen lan taldea sortuko lukete. Hori gertatu bitartean, araudia aldatzeko proposamena geldirik dago.