Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordeak onartu du zaintza partekatuaren legearen irizpena, eta prest dago hil honen 30ean osoko bilkuran bozkatuko den testua. Ezustekorik ezean, onartu egingo da, EAJ, PP eta UPDren botoekin; PSE-EEk azken emaitza ikustean zehaztuko du bere jarrera, eta EH Bilduk aurka bozkatuko du.
Legebiltzar taldeek azaldu dutenaren arabera, lege horrek zaintza partekatua arau nagusi gisa ezarriko du; hau da, epaileak aukera hori aztertu beharko du, lehenik eta behin, eta baldintza egokirik ez badago, baztertu egingo du. Halaber, gurasoetako bat aurka agertzea ere ez da nahikoa izango aukera hori baztertzeko.
Halaber, araudiak bitartekaritzaren garrantzia handitu du; auzitara jo aurretik derrigorrezkoa izango dute bitartekaritza zerbitzutik pasatzea, kasu guztietan.
Legebiltzar talde gehienak pozik agertu dira legearekin, baina EH Bilduk salatu du irizpide horren arabera bigarren mailan uzten dela adingabearen interes gorena.
Legebiltzar taldeek zenbait zuzenketa gorde dituzte ekainaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Besteak beste, lege berriak atzera begirako eragina izatea proposatuko dute EAJk eta UPDk. Horren bidez legea onartu aurreko kasuan berraztertzean araudi berria baliatzeko aukera egongo da.