Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordeak onartu du zaintza partekatuaren legearen irizpena, eta hil honen 30ean osoko bilkuran bozkatuko den testua prest dago jadanik. Ezustekorik ezean onartuko da, EAJ, PP eta UPDren botoekin; PSE-EEk azken emaitza ikustean zehaztuko du bere jarrera, eta EH Bilduk aurka bozkatuko du.
Legebiltzar taldeek azaldu dutenaren arabera lege horrek zaintza partekatua arau nagusi bezala ezarriko du; hau da, epaileak aukera hori aztertu beharko du, lehenik eta behin, eta baldintza egokiak ematen ez badira baztertuko du. Halaber, gurasoetako bat aurka agertzea ere ez da nahikoa izango aukera hori baztertzeko.
Halaber, araudiak bitartekaritzaren garrantzia handitu du; auzietara jo aurretik derrigorrezkoa izango dute bitartekaritza zerbitzutik pasatzea, kasu guztietan.
Legebiltzar talde gehienak pozik agertu dira legearekin, baina EH Bilduk kritikatu du irizpide horren arabera bigarren mailan uzten dela adingabearen interes gorena.
Legebiltzar taldeek zenbait zuzenketa gorde dituzte ekainaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Besteak beste, lege berriak atzera begirako eragina izatea proposatuko dute EAJk eta UPDk. Horren bidez legea onartu aurreko kasuan berraztertzean araudi berria baliatzea egongo da.