Zaintza lanen prekaritatea salatu eta eredua aldatu beharra aldarrikatu dute gaur ELA sindikatuak antolatutako manifestazioetan, Zaintza publikoa bizitzarako lelopean. Sektoreko hainbat kolektibok greba egin dute gaur, eta Hego Euskal Herriko kaleak hartu dituzte, besteak beste, zahar etxeetako, eguneko zentroetako, etxez etxeko eta urritasunen bat dutenen egoitzetako langileek, baita adingabeen zaintzaileek ere. Mobilizazio nagusiak lau hiriburuetakoak izan dira.
ELA sindikatuak salatu du zaintza sektoreko langileek ez dutela baldintza duinetan lan egiten, azalduz egutegi «gizagabeak», lantalde «eskasak», soldata murritzak eta «gizatasunik gabeko arreta eskasa» jasaten dituztela. Horrez gain, sektorearen pribatizazio prozesua ere salatu du: «Negozio bihurtzeko asmoz, premiazko lan hauek enpresa pribatuen esku ari dira geratzen, eta zaintzarik gabe ez da bizitza sostengatzen».
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu dute Bilboko manifestazioa. Han, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak hartu du hitza: «Gaur egungo zaintza lanen eredua ez da ez sostengagarria, ez defendagarria. Soldaten arrakalan eta zerbitzu prekarioetan oinarritzen da; ezin da horrelako eredu bat defendatu, eta hori aldatzera gatoz». Egungo «hipokresia politikoa» ere salatu du Lakuntzak: «Zaintzako langileei premiazkoak direla esaten diete, baina ez dituzte horrela tratatzen».
Horren aurka helburu argi bat dutela azaldu du Lakuntzak: «Zaintza lanen eredua aldatzea». Eredu aldaketa hori bultzatzeko, ezinbestekotzat jo ditu zaintza publiko bilakatzea eta 10.000 lanpostu gehiago sortzea. «Aldaketa guztiak kalean hasten dira beti, baita aldaketarik handienak ere», aldarrikatu du ELAko idazkari nagusiak, mobilizazioen indarrari erreferentzia eginez.