Zaintzaren «etorkizun iluna» salatu du Ernaik, eta greba feminista babestu

Zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatu dute, eremu horretako lanen merkantilizazioari eta prekaritateari aurre egiteko

Ernairen agerraldia Donostiako Ibaetako campusean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Nerea Intxausti Castiñeira
Donostia
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Erosteko produktuak balira bezala, zenbait neska gazte erakusleihoen itxurako kutxetan sartu ziren. «Ane, 22 urte, umeak zaintzeko ezin hobea, hogei euroan». Zaintza lanen merkantilizazioa eta prekaritatea islatu nahi izan zuen Ernaik atzo, Donostiako Ibaetako campusean egindako agerraldian. Errealitate horri aurre egiteko, zaintza «sistema publiko eta komunitario sendo» baten beharra azpimarratu zuen, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorrera batzeko deia egin.

Gazte antolakundearen esanetan, zaintzaren sektoreak «etorkizun iluna» du. Gazteek beren gurasoek baino «bost bider gehiago» zaindu beharko dute, funtsean bi arrazoirengatik. Batetik, zahar etxeak eta, oro har, zaintza zerbitzuak pribatizatzen ari direlako. Bestetik, gizartea zahartzen ari bada ere «zaintzaren aldeko apusturik ez» dagoelako. «Datozen hamarkadetan, zaintza beharko dutenak gehiago izango dira, eta zaindu ahalko dutenak, gutxiago».

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrari begira egin dute protesta. Hala, zaintza lanei eta sektoreari garrantzia aitortu diote: «Zaintzarik gabe ez legoke produkzio ekonomikorik, ez legoke gizarte estrukturak sostengatzeko bermerik». Beraz, lan horiek behar bezala ordaindu daitezen ere eskatu dute.

«Pentsatu al duzu nork zaintzen zaituen? Nork zaintzen dituen zure ingurukoak?». Zaintzaren arloko genero arrakalari erreparatu diote, eta berretsi dute neska gazteek beren gain hartzen dituztenak are prekarioagoak direla. Ernaiko kideen arabera, «emakumeen eredu hegemonikoak» bere gain hartzen du zaintzen zama —EAEko denbora aurrekontuen inkestaren arabera, lan horien %70 emakumeen esku daude—, eta egungo neska gazteek ere agindu hori jaso dute, haurren zaintzari lotuta, esaterako.

Ernaik gogoratu duenez, azaroaren 30a «zaintza lanak erdigunean» jartzeko eguna izango da. Antolatzera eta parte hartzera animatu dituzte gazteak: «Egungo sistema aldatzearen eta pertsona ororen beharrak aintzat hartuko dituen sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera».

Euskal Herriko lehen greba feminista orokorra izango da azaroaren 30ekoa. Mugimendu feministak deitu du, sindikatuen babesarekin, eta, hainbat gizarte eragilerekin batera landuta, urri hasieran aurkeztu zuten zaintza eskubide kolektiboaren aldeko herri akordioa. Bertan jaso dituzte hainbat aldarrikapen, hala nola zaintza «eskubide unibertsala» aitortzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa gelditzea eta sare publikoa indartzea, atzerritar legea indargabetzea edota zaintzaileen baldintzak hobetzea. Egiturazko beste hainbat aldaketa ere eskatu dituzte, zaintzaren kultura hedatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.