"Inoiz baino belaunaldi gehiago bizi dira elkarrekin, baina inoiz baino distantzia handiagoa dago haien artean, interes eta premia desberdinak uztartu ezinda". Kezka horretatik abiatuta, hausnarketa bat eskatu du Aubixa fundazioak. 2016an sortu zen erakundea Gipuzkoan, zahartzearen eta zaintzaren inguruan gogoetatzeko, eta bi urtez dokumentu bat lantzen jardun dute bederatzi adituk: Euskadi jasangarria: zaintza herrialde baterako belaunaldien arteko itun berri bat. Gaur goizean aurkeztu dute idatzia Donostian. Proposamenen artean, berehala martxan jartzeko moduko bat aipatu dute: ponentzia bat eratu nahi dute Eusko Legebiltzarrean, “belaunaldien arteko itun eraberritua” aztertzeko.
Belaunaldien arteko “itun aipatugabe” batean oinarritzen da egun zaintza sistema, Javier Yanguas psikologoak azaldu duenez: “Helduok seme-alabak zaintzen ditugu, pentsatuz elkarrekikotasunez etorkizunean haiek gu zainduko gaituztela”. Hitzarmen hori, ordea, "zilegitasuna galtzen" ari da, eta belaunaldien arteko “arrakala” handitzen ari da: “Orain zahartzen ari direnek barneratu dute bizitzaz gozatzeko unea dutela, hamarkadetan lan egin eta gero, haien gurasoek eta aiton-amonek baino baldintza eta itxaropen hobeak izan dituztelako; gazteek, ordea, badakite zaintzea ona dela, baina ez dakite nola egin, sumatzen dutelako euren gurasoak baino okerrago biziko direla eta ezin dutela ezer egin euren egoera hobetzeko”.
Gizartean bestelako aldaketa batzuk ere izan direla erantsi du Aubixako lehendakari Jose Felix Marti Massok: “Pertsonen arteko harremanen eta bizitzaren kontzepzio indibidualista eta elkartasunik gabeko bat gailentzen ari da”. Bizikidetza eta kohesio soziala arriskuan ikusten ditu: “Ingurumari horretan eta zerbitzu soziosanitarioen lubakitik egin diogu aurre zahartzearen hazkunde geldiezinari, baina gaur ezin dugu bermatutzat jo gure ongizate estatuaren eta zaintza ereduaren iraunkortasuna. Horregatik, premiazkoa da belaunaldien arteko ituna eguneratzea”.
Marti Massok nabarmendu du “gizarte babeserako armada ikusezin” batek sostengatzen duela sistema: “Haren balioa BPGaren %3 eta 5 artean dago; Euskadin, 2.200 eta 3.600 milioi euro artean”. Izan ere, etsipenetik baino, aukeraren ikuspegitik begiratu behar zaio zaintzari, haren ustez: “Gure burua I+G+b-ren abangoardian kokatzeko, enpatia, bizikidetza eta konpromiso komunitarioaren oinarritzat hartuz, ikuspegi etiko batetik”.
Ildo horretan erdietsi nahi du Aubixak “herrialde itun” bat. “Zaintzaren kultura” birdefinitu nahi dute, “aberastasuna sor dezan, prestigioa izan dezan, gure inguruko esperientziarik onenekin lotu gaitzan, komunitate sentipena hauspotu dezan, eta hurbiltasun, konpromiso eta erantzukizun sozialaren balio partekatuak berma ditzan”. Hitzarmen berritu hori “blindatzeko”, “adostasun politikoa” galdegin du fundazioak.
Dekalogo bat
Zaintzaren auzian ez da nahikoa, ordea, pertsonen arteko harremanez hausnartzearekin. Aubixako kideek nabarmendu dute gaiak lotura duela eguneroko bizimoduko hainbat aldagairekin, hala nola pentsioak, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, fiskalitatea edota industria. Hori dela eta, dekalogo bat aurkeztu dute, eta hamar proposamen egin dizkiete erakundeei, gaiokin lotuta. Lehena, Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat eratzea, belaunaldi arteko ituna eraberritzeko. “Behar-beharrezkoa da eztabaida integral eta transbertsal bat, zahartzeari, jaiotze kopuruari, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari edo etorkinen integrazioari buruzkoa”, adierazi du Arantza Lekuona medikuak.
Eremu instituzionalean ez ezik, gizartean ere sustatu nahi dute hausnarketa. Horretarako, dokumentua aurkezteko ekitaldi bat egingo dute: larunbat honetan izango da, 11:30ean Donostian, Tabakaleran.