Atzokoa bertan behera geratu zen itzultzaileak ez zirelako agertu. Agi denez, Espainiako Justizia Ministerioarekin lan baldintzen inguruko liskarrak dituzte itzultzaileek, eta horregatik ez ziren agertu atzoko saiora. Gaur ez dute atzoko hutsegiteari buruzko azalpenik eman.
Nolanahi ere, itzultzaileak han zirela, eguerdia pasatxo zela hasi da gaurko saioa, eta aurreikusita zegoen bezala, Jexux Mari Zalakain Egin atalean auzipetuak deklaratu du. Orain S.A.ko Administrazio Kontseiluko kide zen Zalakain, eta ziurtatu du enpresa horrek ez zuela inoiz deskapitalizatzeko zein Gizarte Segurantzari iruzur egiteko asmorik izan.
Aitzitik, Gizarte Segurantzarekin zuten zorra etengabeko kezka iturria zela adierazi du, eta hein handi batean erakunde publikoek Egin egiten zioten boikotaren ondorio zela. Zalakainen arabera, Ajuria-Eneko Itunaren ondorioz boikota egiten zioten instituzioek Egin eta auzitegiek behin eta berriz egunkariari arrazoia eman arren, erakundeek ez zuten zor hori ordaintzen.
Urte askotan "euskararen eta Euskal Herriaren alde" borondatezko lana egin duela esan du Zalakainek, eta horrek eraman zuela Orain-en Administrazio Kontseiluko kide izatera, nahiz Herria 2000 Eliza eta Uztaro aldizkarietan aritzera.
Bazkaltzeko etenean dira orain, eta arratsaldean, 16:30etan, jarraituko du auzi saioak.
'18/98 auziko' epaiketa
Zalakainek ukatu egin du Orainek Gizarte Segurantzari iruzur egiteko borondatea zuela
'Egin' egunkaria argitaratzen zuen Orain enpresak ez zuela inoiz Gizarte Segurantzari iruzur egiteko zein deskapitalizatzeko asmorik izan agertu du Jexux Mari Zalakain administrazio kontseiluko kide eta '18/98 auzian' auzipetuak. Iñigo Iruin defentsako abokatuari erantzunez eman du azalpen hori Zalakainek, uko egin baitio Fiskaltzak zein akusazio partikularrak egindako galderei erantzuteari "'Egin' itxi zutenei" ez diela ihardetsiko argudiatuta. 12:15etan, itzultzaileekin eta arazorik gabe, hasi da gaur auzi saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu