Zalapartak ere toga jantzi du

Epaile eta fiskalen elkargo profesionalak botere judizialaren erreformaren aurka batu dira; besteak beste, ordezkapenak eta baimenak murriztu nahi dizkiete.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak abiarazitako «justiziaren modernizazioaren» zalaparta ez da soilik herritarrengana heldu. Epaile eta fiskalen elkarteek ere gogor egin dute Alberto Ruiz Gallardonek aurkeztutako Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformaren aurka. Epaileen ordezkapenak, baimenak eta soldaten zenbait punturen aldaketa proposatu zuen Justizia ministroak, eta orain arte ezezaguna zen erantzuna jaso du. Epaile eta fiskalen elkargo profesionalek adostasuna lortu dute gai horretan. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berak ere kritikatu du. «Justiziaren kalitatea» murriztuko dela eta horrek «herritarren eskubideen aurka» egingo duela uste dute.

Gallardonek aurkeztu zuen erreformak, besteak beste, proposatzen zuen epaile-karreran dauden profesionalekin betetzea epaileen ordezkapenak. Orain arte epaile ordezkoek betetzen zituzten postu horiek, baina hori «ezohiko» izatea nahi dute. Epaile eta fiskalek ordezkapenak «borondatezkoak» izateko eskatu dute, eta Gallardonek agindu die «modu egokian» ordainduko dituztela.

Epaileek eta fiskalek zituzten baimen egunak ere eztabaidagai bihurtu dira. Gaur egun, urtean hemezortzi egun hartzeko baimena dute, sei eguneko hiru txanda, eta Gallardonek baimen guztiak hiru egunera murriztea proposatu zuen. Elkargo profesionalek gogor kritikatu dute erabakia, eta hamabi egun eskatu dituzte, bi txandatan hartzekoak.

Gallardonek proposatu aldaketak eremu askotara zabaltzen dira: kasu zailak argitzeko bederatzi eguneko baimena hirura pasatzea, lanpostuak berrantolatzea eta langileak udalerri batetik bestera mugitzea...

Grebaren mehatxua

Epaile eta fiskalek erreforma negoziatzeko eskatu zioten Gallardoni, eta hil hasieran bildu ziren greba baten mehatxu eginez. Ordea, hori ez da erabaki duten presio neurri bakarra. Ordutegiak «zorrotz» betetzen hasi dira zenbait epaitegitan; epaiketak goizez baino ez dituzte egin, horrek dakarren pilaketarekin. Ildo beretik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak urte judizialaren ekitaldia egiteari uko egin zion, justizia administrazioak «pairatzen» dituen «arazo larrien» ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.