Zaldibarko luizia

Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek erakundeen «pasibitatea» deitoratu dute

Ohar batean esan dute lanak bukatzeko epeez eta zabortegiaren gaineko planez «informazio etengabea eta eguneratua» nahi dutela. Haien arabera, auzotik kamioiak etengabe pasatzen dira.

Zaldibarko Eitzaga auzotik kamioiak pasatzen zabortegirako joan-etorrian.
2020ko apirilaren 4a
18:08
Entzun

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian lur-jausia gertatu zenetik bi hilabetera, Eitzaga auzoko bizilagunek prentsa ohar batean salatu dute erakundeek haien «gutxieneko eskakizunekiko pasibitatea» dutela. Esate baterako, gogorarazi dute lanak amaitzeko epeez eta zabortegiaren gaineko planez «informazio etengabea eta eguneratua» nahi dutela. Bizilagunei azterketa medikuak egiteko eskatu dute: «Hamabi urtez zabortegi honen ondorioak jasan ondoren, bertan botatako produktuak eta sortutako kontrolik gabeko suteak jasan ondoren, uste dugu hori dela administrazioak kaltetuekin egin beharko lukeen gutxienekoa». Uraren eta lurren azterketa «zehatzak» egiteko ere galdegin dute.

Halaber, esan dute ez daudela prest auzotik kamioiak «etengabe» pasatzen jarraitzeko. «Tona askoko dozena bat kamioi orduro pasatzea jasan behar dugu egun osoan zehar, egunean 100 kamioi baino gehiago. Zirkulazio guztia lehenbailehen Olarreaga aldera pasatzea eskatzen dugu, Elena Moreno [Jaurlaritzako] sailburuordeak duela hilabete Eitzagako auzokideekin egindako bileran hitz eman zuen bezala».

Eitzaga auzoko bizilagunen oharrak dio lur-jausiaren ondorioz etxeetatik aterarazitako familiei erakundeek ez dietela «inolako informaziorik eman» egoerari buruz. 

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, hondamendian desagertutako bi langileen familia eta lagunekiko «elkartasuna eta babes osoa» adierazi diete. «Administrazioari eskatzen diogu ahalegin eta interes handiagoa jarri dezan gorputzen bilatze lanetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.