Hezkuntza Sailak, Osasun Sailaren jarraibideak betez, Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean hezkuntza jarduera aldi baterako etetea erabaki du, irakasleen artean zenbait positibo antzeman ondoren. Osakidetzak jakinarazi duenez, behaketa bat egingo du ikastetxean, eta horren emaitzen arabera zehaztuko dituzte hartu beharreko neurriak.
Nafarroan, berriz, bi ikastetxetako gelak itxi behar izan dituzte kasu positiboak atzeman dituztelako.Azagrako lehen hezkuntzako Francisco Arbeloa ikastetxean ikasle talde oso bat bakartu dute ikaskide batek koronabirusean positibo eman ondotik. Barañaingo Los Sauces ikastetxean ere lau haur bakartu dituzte ikaskide batek koronabirusuean positibo eman duelako.
Azagrako kasuan, laugarren mailako 22 ikasle dira bakartutakoak. Gaur bertan, PCR proba eginen diete ikasgelako ikasle denei, eta 10 eguneko itxialdia egin beharko dute, hurrengo PCR proban negatibo eman arte.
Barañaingo kasuan, lau dira bakartuko dituzten ikasleak. 3 urteko gelako ikasle batek eman du positibo, eta, egokitzapen fasean izaki, bertze lau ikaslerekin bakarrik egon zen ikasgelan. Positibo eman duen haurrarekin kontakturik izan ez duten gainerako zortzi ikaskideek eskolan jarraituko dute. Bakartutako ikasleei PCR proba eginen diete, eta, gutxienez, 10 eguneko berrogeialdia bete beharko dute.
Mungiako Bentades ikastetxea itxi egin dute
Atzo arratsaldean jakinarazi zuen ikastetxeko zuzendaritzak gaurtik aitzinera ikastetxea itxita egonen zela. Ikastetxeko hainbat langilek positibo eman dute PCR probetan, eta, gaur behintzat, ikastetxea itxita egonen da. Hain zuzen ere, gaur zuten hasteko ikasturtea. 0 eta 2 urte bitarteko haurrak dauden haur eskolak bakarrik hasi du ikasturtea, Bentadesen eraikina gainontzekoetatik aparte baitago. Itunpeko ikastetxea da Bentades eta 0 eta 16 urte bitarteko 750 ikaslek ikasten dute bertan.