INGURUMENA

Zaldibarko Udalak uko egin dio herritarrekin bilera bat egiteari

Zaldibar Argitu plataformaren arabera, zabortegian gertatutako luiziak airearen eta uraren kalitatean eragindako kalteari buruz bilera bat egiteko eskatu zuten 150 bat herritarrek martxoaren hasieran. Udalak ezetz erantzun die.

Gehiengo sindikalak atzo egindako elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 29a
17:26
Entzun

Zaldibar Argitu plataformak salatu duenez, Zaldibarko Udalak uko egin dio herritarrekin biltzeari. Herri plataformak ohar batean adierazi duenez, 150 bat herritarrek "informazio bilera bat" eskatu zioten udalari joan den martxoaren hasieran, Verter Recyling 2002 SM zabortegian joan den otsailaren 6an gertatutako luiziak airearen eta uraren kalitatean eragindako kalteaz "informazio eguneratua" edukitzeko. Baina plataformaren arabera, udalak ez zuen herritarrekin bildu nahi izan. Apirilaren 20koa da erantzuna.

"Aintzat hartu da informazio bilera egiteko Konstituzioaren 29. artikuluko eskaera eskubidearen babesean egiten dela. 'Espainol guztiek dute eskubidea idatziz, onartzen duen era eta ondorioez eskabide partikularra eta amankomunekoak egiteko'". Plataformak jakinarazi du udalak, besteak beste, hori erantzun ziela herritarrei. Baita hau ere: "'Horrenbestez, eskatzaileek ez dute bilera horiek egiteko inolako eskubiderik, eta bilera horien izate eta arautze hutsa ez dago jasota legerian".

Erantzun hori kontuan hartuta, udalaren «maila demokratikoa» kritikatu du Zaldibar Argituk. «Udalak praktika demokratikoa bultzatu beharko luke, eta, hala ez denean, gutxienez herritarren eskaria onartu». Gainera, gezurretan aritzea leporatu dio. Izan ere, udalak erantzunean dienez, «dagoeneko egin dira informazio bilerak, beste herri batzuetan legez». Plataformaren esanetan, ordea, Zaldibarren ez da «bilera bakar bat ere» egin.

7,3 milioi euro

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak  jakinarazi duenez, 7,3 milioi euro gastatu dituzte luizia gertatu zenez geroztik egindako lanak aurrera eramateko. Jaurlaritzak berak jakinarazi du, gainera, Alberto Sololuze ezbeharrean desagertutako bi langileetako baten bi senide zabortegian izan zirela atzo. Sololuzeren eta Beltranen gorpuak aurkitzeko lanean jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.