EAE-ANVk eta Aralarrek 435na boto lortu zituzten Zaldibian (Gipuzkoa) igandeko hauteskundeetan, eta berdinketaren inguruan zer egin erabakitzeko herri kontsulta egitea proposatu du Aralarrek. EAE-ANVko kideekin proposamenaz hitz egiteko bilera egin zuten atzo arratsaldean, eta erabakia hartu aurretik gaia ondo aztertzekotan geratu ziren bi aldeak.
Aralarreko Damian Etxabek BERRIAri jakinarazi dionez, hauteskundeen bigarren itzulia egitea proposatzen dute beraiek, herritarrei EAE-ANVren edo Aralarren aldeko botoa eman dezaten proposatuz. Izan ere, beraiek legez kanporatzearen aurka daudela diote, eta, horregatik, zerrenda bozkatuena ez baziren ez zutela alkatetzarik hartuko jakinarazi zuten Espainiako Auzitegiek Zaldibiako EAE-ANV baliogabetu zutenean. Bozak ez dituztela irabazi uste dute, eta afera argitzeko bigarren itzulia egitea proposatu dute.
EAE-ANVko Joxe Joakin Zubeldiak esandakoaren arabera, berriz, proposamena entzutera joan ziren bilerara, baina herri kontsulta «oso gauza serioa» denez, gaia ondo aztertu behar da. Gainera, kontsultaren ostean beraiei dagozkien zinegotziekin zer gertatuko den jakin nahi dute. Joan den agintaldian ere Aralarren esku egon zen Zaldibiako Udala, eta baliogabetutako zerrendako zinegotziei ez zizkieten eserlekuak itzuli.
BIGARREN AUKERA. Zaldibiako EAE-ANVk oharrean salatu duenez, gainera, Aralarrek egindako proposamena ez da bigarren itzuli baterako proposamena, Aralarrek nahi duena «boterea lortzeko beste aukera bat da», horrela «orain ez duten zilegitasuna lortzeko». Gainera, EAE-ANVren iritzian, Aralar horregatik ari da «gezurrezko mehatxu eta presioak jasaten dituztela esaten».
EAE-ANVk azpimarratu duenez, badago modu bat baliogabetutako zerrendetako hautetsiei eserlekuak itzultzeko. Kargua daukanak eta haren atzeko guztiek dimisioa eman ostean baliogabetutako zerrendako kideak izendatzea legezkoa da. Hala egin zuten Azkoitian pasa den agintaldian. Etxaberen esanetan, ordea, ez da beraien errua EAE-ANV legez kanpo egotea, eta, beraz, ez daude Azkoitian erabilitako formula aplikatzearen alde.
Etxabek azpimarratu du joan den agintaldian ere ezker abertzaleak izan zuela Udalean parte hartzeko modua, eta diru sail eta guzti izan duela. Datorren agintaldian ere halaxe izango dela dio. Baina, EAE-ANVren iritzian, hori ez da nahikoa.
Bigarren bozaldia egingo balitz eta Aralarrek irabaziko ez balu, esandakoari eutsi, eta kargurik ez dutela hartuko dio Etxabek. Kasu horretan inork ez luke Zaldibiako udal gobernua osatuko, eta erabakiak kanpotik etorri beharko lukeela dio Etxabek, «Diputaziotik edo».
Zaldibiako berdinketa apurtzeko herri kontsulta egitea proposatu dio Aralarrek EAE-ANVri
Proposamena aztertzeko bilera egin dute bi aldeek, eta erabakia hartu aurretik gaia aztertzekotan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu