GIZARTEA

Zaldikiaren eskandaluak luze du itzala

Frantziako Gobernuak osasun agiria kendu dio Spanghero etxeari, eta astebetez ixtera behartu. Lur Berri koopetaribaren adarra da  Spanghero. ELBk uste du "desbideratu" egin dela Lur Berri.

Aitor Renteria - Mikel P. Ansa
2013ko otsailaren 16a
15:16
Entzun

Spanghero etxeak piztu duen eskandalua noraino hel daitekeen erraitea gehiegi menturatzea da. Ustez idikia zuten hanburgerrekin abiatu zen afera, Erresuma Batuan, zaldikia zutela jakin zelarik. Geroztik zurrunbilo mediatikoa ez da gelditu, eta Europa guztira zabaldu da eskandalua. Prentsan lehen orriak bildu ditu, eta aipamenak eskandaluaren neurrikoak izan dira. Frantziako kazetek Chevalgate eta Ingalaterrakoek Horsegate izena eman diote —Zaldikigate gisa itzul daitekeena euskarara—, Richard Nixon Amerikako Estatu Batuetako presidentziatik kendu zuen eskandaluari erreferentzia eginez.Aste honetan orduak ehundu eta korapilatu dira zaldikiaren arrastoan, eta afera ez da erraz estaliko. Ostegunean, Benoit Hamon Frantziako Kontsumo Ministerioko arduradunak argi erran zuen. "Spangherok 42 tona zaldiki erosi ditu aurten, orain ezin du erran ez dakiela deus". Adierazpenaren ondotik, zigorra. Frantziako albaitariak ordezkatzen dituen elkartearen aholkuari jarraikiz, jakiekin lan egiteko osasun baimena astebeterako kendu zioten Spangherori.

Parisko auzitegiek inkesta bat ireki dute, eta iruzurraren aurkako Frantziako agentzia Spanghero ikertzen hasi da; enpresak Castelnaudaryn du egoitza nagusia, Frantziako hegoaldean, eta gobernuko kontrolatzaileek han egingo dute asteburua, ikerketan. Ostiralean, Spangherok ordaindutako fakturetako batzuetan 0205 0080 kodea agertzen dela zabaldu zuen France Info atariak. Zaldiki haragiarena da kode hori.

Ostiralean bertan, "iruzurra" ukatu zuen, hala ere, Barthelemy Agerre Lur Berri kooperatibako presidenteorde eta Spangheroko presidenteak: "Guk ez dugu inoiz zaldiki haragirik enkargatu. Guk behikia enkargatu dugu, behikia jaso dugu, eta behiki jakiak saldu ditugu". Agerrek onartu zuen "anomalia ttipi" batzuk izan direla. "Zabarkeria" agian izan zela, baina guztiz ukatu zuen 0205 kode horren berri zuela eta "iruzurra" nahita egin duela.

Herbeheretako Findus etxeak ekoizten dituen behiki hanburgerrekin abiatu zen afera, haietan zaldikia atzeman zutelarik. Orduan lehertu bazen ere,aurreko astean Hego Euskal Herrian ere izan zuen oihartzunik. OCU Espainiako kontsumitzaileen elkarteak salatu zuen Eroskik saldutako behiki hanburger batzuek zaldikia zutela. Salaketa ukatu zuen Eroskik, ikerketa baten emaitzak mahaigaineratuz. OCUk ez zuen erantzuna sinesgarritzat jo, baina ika-mika hura bere hartan gelditu zen, eta inork ez du eztabaida hura orain Europa osoan hedatu den auziarekin lotu.

Jaki prestatuen kate luzea

Erresuma Batuan eta Ipar Irlandan egiaztatu zuten zaldiki haragia bazela behikia behar luketen zenbait jakitan, eta orduan lehertu zen auzia, aste honen hasieran. Geroztikako ikerketak ongi antolaturiko sarea ekarri du argitara. Herbeheretako Findusek Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) Lur Berri konpainiaren adarra den Spanghero etxeari erosten zion haragia. Horrek, berriz, Herbeheretako bitartekarien bidez egiten zuen tratua; azken horiek, Zipreko bitartekariekin; eta, sarearen beste muturrean, okela saltzen zuen Errumaniako enpresa bat aurkitu dute. Spangherok okela landu, eta Herbeheretan atxikitzen zen, hanburgerrak egiteko.

Hanburgerrekin hasi afera, lasagnara ere zabaldu da; eta marka batetik, hamaikara. Hainbat herrialdetako supermerkatuetan erretiratu egin dituzte jaki horiek. Frantziako osasun zerbitzuen erabakiaren ondoren, berriz,  Spanghero enpresaren bezero guztiek bertan behera utzi dituzte kontratuak. Enpresaren erreakzioak etengabeak izan dira. Ekaitzaren begian da, eta geroa du jokoan. Lanpostua galtzeko izu dira enpresako 300 langile inguru. "Hamonek arinegi hartu du erabakia, errugabetasun irizpidea ahantziz", adierazi du Barthelemy Agerrek.

Eskandaluaren neurrikoa izan da erantzuna. Frantziak eta auziak hunkitutako herrialdeetako gobernuek ez ezik, Europako Batasunak (EB) ere fite hartu ditu erabakiak. Berehalakoan iragarri zuen kontrolak gogortzeko asmoa. Ostiralean batzartu ziren EBko ordezkariak. Adostu zuten haragiaren gaineko kontrolak handitzea. Bi froga egiteko eskatu diete estatu kideei: bata, jateko prestaturiko haragien DNA kontrolatzeko, zaldiki haragirik nahasita duten jakiteko; bestea, hiltegietatik pasatutako zaldiki haragiak fenilbutazonarik ba ote duen aztertzeko. Zaldiei hanturen aurka ematen zaien gai bat da fenilbutazona, pertsonen osagarrirako kaltegarri izan litekeena. Bestalde, Europolek ere auziaren gainean ezarri ditu begiak.

Erresuma Batuak egin ditu, dagoeneko, lehen testak, eta zaldiki haragiak atzeman ditu haietako batzuetan. Poliziak ere esku hartu du; ostegunean, hiru pertsona atxilotu zituen, jakiak prozesatzeko bi plantatan; iruzur egitea egotzi diete —atzo aske utzi zituzten, baina Poliziaren aurrean agertu beharko dute deitutakoan—. Harrezkero, olioa bezala zabaldu da afera. Austrian, Gusto Alemaniako etxeak ekoizten dituen eta Lidl katean saltzen diren Tortelloni Rindfleisch markan aurkitu dute zaldikia. Alemanian, berriz, TIP Lasagne Bolognese markako produktu batzuetan atzeman dute zaldikia Suitzako Coop supermerkatu katearen lasagna batean aurkitu dute zaldikia. Norvegian, NorgesGruppen taldeak onartu du lasagna batean bazela zaldikia. Danimarkan eta Belgikan ere ikertzen ari dira enpresa jakin batzuk.

Laborantza ereduen arteko talka ez ezik, industria eta banatzaileen arteko talka agerian utzi du aferak. Prezioa lortu ahal izateko, kanpora jo du industriak, eta zaldikia agertu da behikiaren ordez. Prezio apalaren logika gainditu da iruzurraren korapiloan. Eta, gutxi balitz, Erresuma Batuko Elikagaien Osasun Batzordeak jakitera eman du fenilbutazona atzeman duela zaldikian. Bederen zortzi kasutan atzeman ditu aztarnak, eta horietako hiru Frantzian saldu direla erran du.

Ardurak argitu nahian

Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zenbait eragile politikoren sostengua ukan du Barthelemy Agerrek, horien artean Jean Lassalle diputatuarena eta Jean Jacques Lasserre senatariarena. Azken horrek harreman hertsiak izan ditu Lur Berri kooperatibarekin.

Sostengua jaso du Agerrek, baina eskandaluari buruzko erantzukizunak argitzea eskatzen duten ahotsak gero eta ugariago dira. "Herri guztietan inkesta bat egin beharko da, baina hori ere ez da aski izanen dena argitzeko; Europa osoan egin beharko da inkesta", erran du Jose Bove Europe Ecologie-Berdeak taldeko eurodiputatuak.

Hurbilago, Ipar Euskal Herriko harakin xumeek diote afera horretaz deus ez dutela ulertzen. Saltzailearen eta eroslearen arteko zubia dira, eta badakite zer saltzen duten. Garestiagoa bada ere, idikia idiki da, eta zaldikia zaldiki. ELB sindikatuak ere ohar zorrotza egin du. "Lur Berrik bere funtsezko izaera berreskuratu behar du". Kooperatiba globalizazioaren estrategian galdu dela dio sindikatuak. "Handitu nahi izan du, globalizazioaren merkatuan hegalak errez". Munduko merkatuan euro batean edo euro erdian erosi nahi izan du haragi kiloa, "hemengo laborariak ez direlarik heltzen behien saltzera". Hurbileko zirkuituak eta laborantza iraunkorra dira bidea, ELBren iritziz. Bihar elkarretaratzea eginen du sindikatuak Aiziritzen, Lur Berriren egoitza atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.