Hirigintza

Zaldunbordako 'outlet'-a egiteko aukera ematen zuen plana deuseztu du auzitegiak

Hondarribiko Hiri Plan Orokorra bertan behera utzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. EH Bilduk «albiste ona» dela esan du, «dendari txikien biziraupenerako».

Zaldunborda Gelditu Plataformaren aurkezpena, azaroaren 7an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 12a
20:20
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) 2017ko ekainaren 8an onarturiko Hiri Plan Orokorra. Horrek baimena ematen zuen Zaldunbordan denda gune handia eraikitzeko. Eztabaida handia eragin du egitasmoak, dendari txikiei eragingo dien kaltearengatik.

Berez, Zaldunbordako aferak ez du zerikusirik gaurko erabakiarekin. Auzitegiak onartu egin ditu Eskapatxulon egin nahi zituzten aldaketei Hondarribiko hiru enpresek jarritako helegitea. Baina ebazpenak hirigintza plan osoa bertan behera utzi duenez, atea itxi dio Zaldunbordako egitasmoari ere.

Zalaparta handia sortu zuen hirigintza plana onartu izanak. Izan ere, Txomin Sagarzazu (EAJ) Hondarribiko alkateak in extremis aurrera atera zuen, iazko ekainaren 25ean, dekretu bidez, hurrengo egunean, Eusko Legebiltzarrak legea onartu baitzuen denda gune handiak egitea mugatzen duen legea.

EH Bilduk esan du ebazpena «albiste ona» dela eskualdeko dendari txikientzat. Zaldunbordako outlet-a eraiki nahi zutenei esaktu die «obsesioa uzteko behingoz». EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledun Juan Karlos Izagirrek joan zen astean salatu zuenez, konfinamenduan ere, jarraitu dute Zaldunbordan lanean, baimenik gabe, besteak beste zuhaitzak botatzen eta indusketak egiten, «Udalak beste alde batera begiratzen zuen bitartean».

Egitasmo erraldoia

Proiektu erraldoia zen Zaldunbordakoa: 100.000 metro koadrori eragiten die —«hamabi futbol zelai adina»—; horietatik, 29.000 metro koadro hartu nahi zituen merkataritza guneak, eta, han, ehun denda baino gehiago, dozenaka ostatu, eta gasolina zerbitzugune handi bat egin nahi zituzten. Proiektuaren sustatzaileek espero zuten urtean bost milioi bisitari izatea.

Azaroaren 9an, Zaldunborda Gelditu plataforma osatu zuten Hondarribian. Ohartarazi zuten egitasmoak «kalte sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak» eragingo zituela. «Jasanezina da. Herriko bizimoduari mehatxu egiten dio, mugikortasun ez-jasangarria bultzatuko du, eta lanpostu prekarioak sortuko ditu».

Hondarribiko dendari, ostalari, talde ekologista eta herritar batzuek sortu zuten plataforma.

Zaldunbordako saltoki handiaren proiektuaren tramitazioa eten egin zuen Hondarribiko Udalak abenduan, baina egitasmoa «legezkoa» dela berretsi zuen, saltoki handien legeak ez eragiten ez diola argudiatuta.

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.