Energia

Zalduondoko Udalak eten egin du kontratua Iberdrolarekin

Garoña irekitzeko eskatuz "irabaziak pertsonen segurtasunaren gainetik" jartzea leporatu dio Fernandez Villate alkateak Iberdrolari. Araba Garoñarik Gabe plataformak zentrala irekitzearen aurkako neurriak eskatu dizkie instituzioei.

Garñaren aurkako protesta bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko martxoaren 14a
13:17
Entzun

Iberdrolarekin dituen kontratuak bertan behera uztea erabaki du Zalduondoko Udalak (Araba). Gustavo Fernandez Villate alkateak azaldu duenez, enpresak Garoñako zentrala berriz ireki nahi duelako hartu dute erabakia. "Ez dugu elkarlanean aritu nahi euren irabaziak pertsonen segurtasunaren aurretik jartzen dituzten enpresekin", salatu du Udalak komunikatu batean.

Bide batez, EH Bilduk gehiengoa duen udalbatza horrek iragarri du kontsumo apaleko argiak jarriko dituztela herrian. Udalaren arabera, 2.400 euro aurreztuko dituzte urtean aldaketa horiekin.

Antzeko neurriak eskatu dizkie Araba Garoñarik Gabe plataformak Lantaron eta Gaubeako udalei. Bi herri horiek diru saria jasotzen dute zentral nuklearretik gertu daudelako. Plataformak salatu du, ordea, kontraesana dela sari bat jasotzea, eta eskatu die hari uko egiteko edo, kobratzekotan, dirua "zentrala ixten laguntzeko" erabiltzeko.

Instituzioen jarrera ere gaitzetsi du plataformak: "Ez dituzte beharrezko urratsak egin Garoña berriz zabal ez dezaten. Bost urte dira Fukushimako istripua gertatu zenetik, eta ez dute ezer ikasi".

Elkarretaratzea

Arabako Batzar Nagusiek deituta, elkarretaratzea egingo da larunbatean, zentrala berriz martxan jar ez dezaten eskatzeko. Araba Garoñarik Gabe plataformako kideek, baina, "antzezlantzat" jo dute hori, eta halakoetara 22.000 euro bideratu beharrean "neurri zehatzak" har ditzatela eskatu diete agintariei.

Ez da lehen aldia Arabako Batzar Nagusiek Garoña behin betiko ixteko eskatzen dutena. Iazko azaroan ere, PPk ez beste alderdi guztiek zentrala "baldintzarik gabe" ixteko eskatu zioten Espainiako Gobernuari.

Zentralari buruzko azken erabakia, ordea, aurtengo bigarren seihilekoan iritsiko da, orduan helaraziko baitio CSNk Industria Ministerioari zentral nuklearraren jarraipenari buruzko txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.