Erretzaileak dira laurak; laurak ezagunak, nahiz eta beren jardun profesionalak egin dituen ezagun. Eta, erretzaile izanik, Hego Euskal Herrian indarrean jarri duten tabakoaren kontrako legeaz badute zer esan, arauak orain arteko ohitura batzuk aldatzera eraman baititu. Erretzaileak dira laurak, baina bakoitzak bere ikuspegi du.
Jon Maia bertsolaria (Urretxu, 1972) 19 urterekin hasi zen tabakoa erretzen, «arrauna utzi» eta Gasteizera ikastera joan zenean. Orain arte ez dio inoiz utzi erretzeari, eta, gaur egun ere, «dezente» erretzen du; pakete inguru, egunero. Tabakoaren gaineko inongo legedik ez du Maia ez erretzera eramango, «nahiz eta erre, plazerez erre behar den, eta plazerari trabak jartzen zaizkionean...». Bertsolari zumaiarra debekuaren beraren eta debekuaren atzean dagoen gizarte ereduaren kontra dago. «Ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaidanik leku publikoetan ez erretzea. Nahikoa logikoa iruditzen zait, eta, denboraren perspektibarekin, konturatzen zara lehen zer-nolako astakeriak egiten ziren. Zenbat eta nola erretzen zen leku batzuetan!». Gune publikoak, «herritarrentzat ezinbestekoak direnak», eta ostalaritzakoak bereizi egiten ditu, ordea, Maiak: «Tabernek estatus pribatua dute lege aldetik, eta ez dut uste esku publikoa hor sartu behar denik. Norberak aukera dauka taberna batera sartu edo ez erabakitzeko. Ezin da alderatu anbulatorio batekin edo udaletxearekin». Ostalaritza guneetan tabakoa erretzea debekatzeari «libertate eremuak zanpatzea» deritzo bertsolariak.
Arantxa Iturbe(Alegi, 1964) irrati esatari eta idazleak ere bereizketa hori egiten du. «Nik ere ikasi dut, behin baino gehiagotan esan izan dutelako seguru asko, erretzaile ez denak ez duela zertan erretzailearen ke guztia irentsi». Iturbe oso gaztetatik hasi zen erretzen, «ezkutuan eta etxekodebekuei kontra egiteagatik; kostata, hasieran hain desatsegina zen ke irenste hura gustagarri bihurtzea lortu arte», eta egun ere erre egiten du. Horregatik, ez zaio «zentzuzkoa» iruditzen legeak ekarri duena, «taberna, jatetxe edo denokosasuntsubizibehardugunahitanahiez parametroetan sartzen ez diren lokaletako debekua. Edo, gutxienez, hain debeku orokorra izatea». Legeak debekua urrutiegi eraman duela uste du kazetariak: «Hainbeste kostako ote litzateke erretzaile gaixoontzat herri bakoitzean toki pare bat izatea?». Eta ironiaz gaineratu du badakiela tabakoa kaltegarria dela. «Baietz, badakigula, kaltegarria dela, eta hala ere... nahi dugula».
Beste ikuspegi bat dauka Rafa Rueda (Mungia, 1972) musikariak. Erretzailea izanagatik ere, debekuaz hitz egitean «demagogian erortzea erraza» dela uste du. «Nik uste dut norberak egiten duenak ez diola kalterik egin behar ondokoari. Eta, alde horretatik, tabernetako langileengatik pozten naiz, zerbitzariengatik». Tabernetan ez erretzeak «on» egingo diola dio Ruedak; «guztioi egingo digu on», baina horrek ez du esan nahi debekuzalea denik: «Ez erretzea keinu gisa ulertzen dut nik, errespetu keinu bezala. Debekuaz ari bagara, hori beste eztabaida bat da». Izan ere, tabakoaren lege berriaren atzean, «hipokrisia handia» dago, kantariaren iritziz: «Zergatik ez dute, kalamua bezala, saltzea debekatzen? Argi dago hor tabakoak duen zerga zamak zerikusi handia duela».
Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948) Gipuzkoako Kultura diputatuak «osasuntsuagoa» deritzo jatetxe eta tabernetan ez erretzeari, nahiz eta «pertsonalki deserosoa» izan. «Erretzaile izanik, kafearekin atsegin dut erretzea, eta legeak kanpora ateratzera behartzen nau. Baina, oro har, ez zait gaizki iruditzen, batik bat osasunaren ikuspegitik».
«Gizarte koherente batean biziko bagina», Maiak «errazago» onartuko luke tabakoaren legedia, «baina, dagoen hipokrisiarekin, ez dut uste osasunagatik egiten dutenik. Oso hipokrita iruditzen zait hain zorrotzak izatea tabakoarekin, eremu pribatuetara ere sartzea, eta hain laxoak izatea CO2arekin, industriaren kutsadurarekin, zaborrarekin, makroproiektu batzuek eragiten duten kutsadurarekin... Ez diet sinesten gure osasunaren alde ari direla diotenean».
Leku publiko itxietan erretzea debekatzen duen legea «inposatzen ari diren gizarte ereduaren ondorioa» dela dio Maiak. «Oso oker ez banago, AEBetan hasi ziren debekuekin, eta gero Europara pasatu dira. Eta hor gizarte eredua dago oinarrian, debekuaren, mehatxuaren eta salaketaren gainean oinarritutakoa. Hezitzailea eta askatzailea ez den eredu bat».
Hipokrita. Iturbek ere hitz bera erabili du tabakoaren legea definitzeko. «Lehendabizi, osasunaren aitzakia edo arrazoia erabiltzeagatik. Zerrenda oso luzea egin liteke gutako edonoren osasunari kalte egiten dioten beste jardun askorekin». Baina hipokritaz gain, «gaiztoa» ere baderitzo Iturbek arauari, «erretzaile eta ez-erretzaileen arteko gerrapiztaile delako».
Aranburuk ere «hipokrisia puntua» ikusten dio erretzea debekatu baina, aldi berean, tabakoaren salmenta sustatzeari: «Baina badakigu tabakoaren bitartez zerga handiak jasotzen dituela estatuak».
Erretzailea, kalera
Urtarrilaren 2an taberna eta jatetxeetan erretzeko debekua ezarri zenetik, Euskal Herriko kale askok beste itxura bat hartu dute, batik bat asteburu iluntze eta gauetan. Barruan ordez, kanpoan dira erretzaileak. Arazorik gabe gehienak. «Kafea edota garagardoa hartu eta kalera joaten naiz», dio Ruedak: «Gustatzen zait giro hotza. Gainera, kaleari ere ondo egingo dio legeak: girotu egingo du, bizitasuna emango dio kaleari». Iturbek ere «umore dezentez» hartu du kafea hartzeko tabernatik atera behar hori: «Ohituta geunden jada aterkipean erretzen, baina tabernaz kanpokoa askoz ere dibertituagoa da. Jende, edo erretzaile behintzat, interesgarri asko topatzen da taberna atarietan, baita adarra oso modu sinpatikoan jotzeko prest dagoen zerbitzariren bat edo beste ere».
Maiak dioenez, koadrilak, orain, bi taldetan banatzen dira tabernaz taberna ibiltzean. «Edo, bestela, taberna batetik bestera doanean erretzen du jendeak». Aranbururi, ordea, ez dio askorik eragin legeak, eremu publiko itxi gehienetan debekatua zegoelako lehenagotik ere. «Taberna eta jatetxeetara ere ez naiz asko joaten, eta ez nau askorik eragin. Dena dela, erretzaileok lehen ere bilatzen genituen erretzeko tokiak, eta orain ere bilatu beharko ditugu». Aranbururi ez zaio inoiz kalean erretzea gustatu, «baina orain beste irtenbiderik ez digute uzten. Edo etxean edo kalean». Hori bai, erretzaileekin hitz egiten, jendea ezagutzen du Aranburuk bere jardun instituzionalean. «Edozein ekitalditan, espazio itxi batetik ateratzen zarenean, zu bezalako jendea aurkitzen duzu atarian, erretzen ari den jendea. Eta haiekin harremanak egiten dituzu».
Erretzera kanpora ateratzeak beste usain batzuk ere eraman ditu kaleetara, Ruedak dioenez: «Bitxia da, baina aurreko batean Bilboko Zazpilakeetako batean marihuana usain nabarmena zegoen». Maiaren ustez, tabernetan ezkutuago egoten ziren beste batzuk ere azaleratu ditu legeak: «Janari, puzker eta izerdi usainak agerikoagoak izango dira. Keak estali egiten zituen giza usain horiek guztiak!».
Eztabaidak ere piztu dira azken asteetan tabakoa gora eta tabakoa behera. Baina «berehala bukatuko dira», Ruedaren arabera. «Orain protestaka ari diren asko New Yorkera edota Londresera joan eta segituan ohitzen dira hango egoerara». Bertsolariak ere pentsatzen du hilabete batzuk pasatu ondoren gutxiago hitz egingo dela debekuaz: «Orain ere, eztabaidarako baino gehiago, hizketarako gaia da. Gero baretuko da, eta askoz gutxiago hitz egingo da, Europako beste hainbat lekutan bezala. Bertsoak, txisteak... ez dira faltako, baina beti umorez».
Ke arteko egunak
Gaur egun ezinezkoak diren egoerak gertatzen ziren duela ez hainbeste urte. Izan ere, orain tabakoa leku publiko batzuetatik desagertu bada ere, izan zen lantokian, zinema aretoan, autobus publikoan eta erietxean erretzea egon zen garaia ere. Irrati estudioa ere ez zegoen ketik libre, Iturbek oroitzen duenez: «Mikrofono aurrean eta intsonorizatua izateko zirrikiturik ez zuen estudioan! Eta gonbidatuek ere erre egiten zuten. Gauzak asko aldatu dira, bai». Umorez alderatzen ditu irrati esatariak garai bateko eta oraingo egoerak. «Izugarri irabazi dugu ikusgaitasunean. Orain, gonbidatuari begietara begiratzeko arazorik ez da izaten, aire garbiari esker. Eta kristalaren atzeko teknikoarekin ere askoz konplizitate handiagoa izaten dugu. Garai batean ez zen erraza ke artean elkarren keinuak ulertzea».
Maia ere azaldu izan da taula gainean zigarreta ahoan duela, baina dagoeneko ohitua dago, aretoetan kantatzen duenean, ez erretzera. Nolanahi ere, bertsotan ari denean, gustatu egiten zaio zigarreta eskuan izatea. «Hor bai, hor izorratzen dit», dio bertsolariak, «ez delako bakarrik erretzea. Niretzat zigarreta errekurtso bat da, jarrera bat, batez ere bertso bazkari edo afarietan».
Taula gainean jotzen ari denean zigarretaren beharrik ez du Ruedak. «Beste zeregin» batzuetan ari da une horietan, musikariak berak dioen bezala. «Zaila egiten zait abestu, gitarra jo eta erretzea... Ez zait gustatzen». Baina ulertu, ulertzen ditu agertoki gainean erretzen dutenak ere: «Ez zait arraroa egiten. Neurri batean, jantzi bat eramatearen parekoa da».
Aranburuk kargu publikoa betetzen du, baina horrek ez dio, bere iritziz, presio gehigarririk sortzen. «Jakinda errespetatu egin behar ditudala erre ezin daitekeen tokiak. Baina adarra jo, adarra jotzen didate»
Erretzailea, jomugan
Erretzailea bakartuago edo presiopean dago gaur egungo gizartean? Galderari ikuspuntu askotatik erantzun dakioke. Iturbek garbi du «erretzaileen kontrako jarrera» zabaltzen ari dela: «Nola zen askatasunarena? Nirea, zurea hasten den tokian amaitzen dela edo? Bada, nire marra pasatu dute. Eta zenbaitek oso harro adierazten dizu».
Gipuzkoako Kultura diputatuak ez du «presio berezirik» sumatu erretzaile den aldetik, baina zigarreta pizten duen aldiro galdetu egiten diote noiz utzi behar dion erretzeari. «Baina ni naiz, denok bezala, ni eta neure egoera. Eta nire egoeretan zigarreta dago». Maiak «giro nahiko libertarioa» du inguruan, eta ez du kontrako jarrerarik sumatu, «etxean ez bada», eta Ruedak ere ez du nabaritu presio berezirik. «Baina garbi dago gero eta gutxiagok erretzen dugula».
Rueda bera erretzeari uzteko ideiari bueltaka dabil azkenaldian. Ez da izango lehenengo aldia, «boladaka» ibiltzen delako. «Erre gabe nagoenean askoz hobe sentitzen naiz, baina ez naiz erretzaile amorratua ere, egunean zazpi bat zigarreta erretzen ditut». Maiak ez du orain arte pentsatu, baina ez-erretzaileen taldera pasatzeko ideiari bueltaka ari da azkenaldian, ez tabakoaren gaineko legeek horretara derrigortu dutelako, etxeko presioak eraginda baizik: «Igual alabarengatik utziko dut. Urtebetetzerako oparirik onena hori izango litzatekeela esan zidan! Hain polit esan zidanez, baietz esan nion!».
Aranburu «tabakoa erretzea ondo ikusia zegoenean» hasi zen erretzen, eta boladaka utzi badu ere, gaur egun ere pakete erdi inguru husten du egunero. «Gutxiago erre nahiko nuke, baina ez dut uzteko gogorik. Fase matxino batean nago! Kar-kar».
Iturberi erretzeari uztea pentsatu duen galdetuta, pentsatu, pentsatzen duela erantzun du: «Asko pentsatzen dut. Nikotinak asko laguntzen du burua erne edukitzen. Beti».
Zaletasun oztopatua
Hego Euskal Herriko gune publiko itxietan erretzea debekatzearekin batera, tabakoa eztabaida eta hizketa gai bihurtu da taberna eta ostalaritza guneen atarietan. Baita pertsona ezagun eta erretzaileen artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu