Zamari izkin egitea, ezinezko

Diruaren herena kenduta, zama osoa udalen eta gurasoen gain geratu dela salatu dute hainbat alkatek; baita UPNko zenbaitek ere. Eskolen geroa airean dela diote.

2014ko maiatzaren 1a
11:57
Entzun

Kolpe gogorra jaso dute; espero gabekoa. Ikasturtea amaitzeko aste gutxiren faltan jakin dute Nafarroako Gobernuak %30 murriztuko duela 0-3 urte arteko umeen zentroetarako aurrekontua. Udalen ardurapean daude haurren ikastetxeak: diru ekarpenaren erdia, Hezkuntza Departamentutik jasotzen dute; %25, berriz, familien partetik. Baztango alkate Garbiñe Elizegik adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak «ohituraz» pagatzen ditu dagozkion kopuruak berandu. 23.000 euro jaso gabe gelditu da udala, eta gastu horri aurre egitea «ezinezkoa» zaiela esan du Elizegik. Dena den, argi utzi du ez dutela planteatu ere egin gastu hori beren gain hartzea. «Dagokiona ordaindu beharko du Nafarroako Gobernuak. Eta egin beharrekoak egingo ditugu hala izan dadin».

Neurriaren kontra agertu dira asteotan kolore politiko guztietako hautetsiak; baita UPNko hainbat ere. Horietako bat da Luis Mari Iriarte, Zizur Nagusiko alkatea. Haren alderdikide Jose Iribasek mahai gainean jarririko hitzarmena sinatzeko prest dagoela dio. Baina baldintza bat jarri du: «Urte bukaerarako zor digutena ordaintzeko konpromisoa hartzeko eskatzen dugu. Ezin diogu %30ari uko egin». 30.000 euro baino gehiago falta zaie jasotzeko, eta, jaso ezean, bide berriak jorratzeko aukerak irekiko zaizkiela azaldu du.

Guztiek, alabaina, ez dute sentipen hori. Ordaintzeko ahalmena izanda ere, ez luketela egingo dio Lodosako alkate Pablo Azkonak, horretarako «konpromisorik» ez dutela iritzita. «Lehenbailehen ordain dezatela exijitzea dagokigu herritarroi». Elizegik ohartarazi du eskolen geroa «airean» dela, desagertzeko arriskuan daudela: «Dagokiena pagatzen ez baldin badute, eskolak itxi, eta guztiok jasan beharko ditugu ondorioak».

Lodosako hautetsiak «harrituta» hartu du jasandako murrizketa. «Pena da; azkeneko urteetan inbertsio handiak egitera behartu gaituzte —eraikinak berritzeko—, eta sosik gabe gaude orain».

Iriarteri, ordea, «ulergarriak» iruditzen zaizkio Hezkuntza Departamentuaren neurriak: «Ekonomikoki, garai zailak pasatzen ari gara». Urtea amaitu baino lehen zor dietena jasotzea espero du: «Egoerak hobera egin ahala jasoko dugu. Denbora dago oraindik». Itxaropena du Iribasengan. Oroitarazi du duela bi urte ere antzeko zerbait gertatu zela. «Geroago, baina azkenean jaso genuen».

Lehentasunekin bueltaka

UPNko kidea kasurik okerrenean ere pentsatzen jarri da: «Sekulako arazoa izango genuke %30 ez badugu jasotzen, gastua lehendik egina baitago». Azkona ere bat dator, uste baitu egoera «zaila» izaten ari dela. Matrikulazioan, esaterako, eragin «zitala» izan duela ohartarazi du. «Behera doaz nabarmen. Azken kolpea izan da».

Lehentasun kontua dela deritzo Azkoiengo alkate Maria Jose Vidorretak (PSN): «UPNk zilegitzat du hezkuntza, osasun eta zerbitzu publikoen kontra egitea. Aldiz, herrian haurrak hezteko toki bat diruz laguntzea, ez». Haren iritziz, «ez da egia» da UPNren gobernuak dirurik ez duela. Erantzukizuna kudeaketa «kaskarrari» leporatu dio: «Legalki ari dira dirua lapurtzen. Onartezina da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.