ETAren agiria / Erantzunak
"Zantzu positiboak" sumatu ditu Jaurlaritzak ETAren agirian
Eusko Jaurlaritzak "zantzu positiboak" ikusi ditu ETAk plazaratu duen azken agirian, Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko bozeramaileak agertu duenez. Jaurlaritzak ez du ETAk eskatutako nazioarteko bitartekaritzaren egokitasunari buruzko edo ETAren proposamen politikoei buruzko iritzirik eman nahi izan, baina erakunde armatua "bakea eta etorkizuna eraikitzeaz" ari dela nabarmendu du, eta hori ona dela. Nolanahi ere, Jaurlaritzak oharrarazi dio ETAri hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa dela indarkeria mota guztiak bertan behera uztea.
Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko Kultura sailburu eta bozeramaileak eman du ETAren azken agiriari buruz Jaurlaritzak egin duen hausnarketaren berri. "Bakea eraikitzeaz, etorkizuna eraikitzeaz ere ari da. Azken urtean izandako aldaketak, egindako proposamenak, kontuan hartu ditu eta positibotzat jo ditu. Horretan, alde onak ikusten ditugu. Baina horrekin batera azpimarratu nahi dugu —ETAk berak ere badaki— hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa dela edozein indarkeria mota, edozein, bertan behera uztea", esan du Azkaratek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu