Arratsalde hotza Donostian, Aieteko jauregi inguruko parke ederrean. Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua aurkeztu zuten atzo bertan. Euskalgintzako jende ezagun ugari bildu zen ekitaldira. Harrera Euskal Memoria Fundazioko Arantxa Erasunek eta liburuaren egile Dabid Anautek egin zieten. Bero. Topaketarako hautatutako tokiaren indar sinbolikoa oroitu zuten askok. Euskal kulturaren kontrako jazarpenaren urterik zailenetan, Franco diktadoreak oporrak hanpa-hanpa eginda Donostian igarotzen zituenean, jauregia izaten zuen bizileku; 2011ko urrian, berriz, Donostiako Bake Konferentzia, aro politiko berri baterako ernamuin, bertan egin zen. Hartara, gizaldi askotan zehar euskal hiztunek jasan duten jazarpena islatzen duen lan mardula —mila orri inguru dira, «zapalkuntzaren kronika moduko bat», egilearen arabera— aurkezteko leku egokia da. Halaxe adierazi zuen Euskararen Gizarte Erakundeen kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: "Jauregi honetara ekarri dugu aurkezpena, gure herriaren historia garaikidean esanahi handiko gunea delako".
Bideo batean, liburuko hainbat testigantza bildu zituzten, euskararen kontrako jazarpenak eragindako hainbat kontakizun etsi: "Ama batek alabari Edurneri deitu, eta kartzelara sartu. Kartzelara". "Euskaraz kantatu, eta denak detenituta, umeak". "Euskaldunei barre egiten zieten". "Tonto esaten zieten". Hartara, jazarpena jasan dutenak "izen eta abizendun" pertsonak izan direla erakutsi nahi izan zuten; benetakoak direla zaurien orbanak, eta oraintsukoak horietako asko.
Gainerakoan, orainaren eta geroaren arteko dikotomian murgildu ziren hizlariak; iraganaren zamaz eta gerorako ikasbideez. Euskal Memoria Fundazioaren 2013. urteko argitalpen monografikoa da liburua, eta fundazioaren izenean Arantxa Erasunek hartu zuen hitza, lanaren jomuga ahotan. "Gertaturikoaren aitorpenak lortuko du zauriak ixtea", esan zuen. "Baita euskara oraindik ere zamatzen duen kate horiek etetea ere". Dabid Anautek liburuak bi ardatz dituela nabarmendu nahi izan zuen: "Arras ezberdinak". Batetik, jori jorratu dute euskararen aurkako zapalkuntza, baina, bestetik, euskararen aldeko mugimenduari ere egin diote leku zabala. "Bi ardatz horiek bildu nahi izan ditugu lan berean, elkarri loturik daudelako", azaldu zuen. Esker oneko hitzak izan zituen parte hartu duten guztientzat, eta elkarlanean jarraitzeko deia ere egin zuen: "Osatzea ariketa kolektiboa izan den moduan, erabiltzea ere hala izan dadila".
Liburuan, bereziki, XX. gizaldiko kontuak bildu dituzte, ahozko lekukotasunen bitartez. Harago ere egiten saiatu dira, ordea. Dabid Anaut: "Begi bat gaurko egoeran jarri dugu, hor ere bai baita zer kontatua hizkuntza zapalkuntzaz. Hari bat da, azken batean, etenik izan ez duena". Hartara, liburuak berebiziko esanahia du gaur egun, memoria horren lorratza orainean ere agerikoa denez.
Elementu "baliagarriak"
Paul Bilbaok ere nabarmendu zuen ikasbidea ekarriko duela lan honek etorkizuna eraikitzen laguntzeko. "Memoria kolektiboak etorkizunean nola eta norantz jokatu beharko litzatekeen zehazteko elementu baliagarriak jartzen dizkigu eskura". Liburuaren alderdi "gozoak" —euskararen aldeko mugimenduarekin lotutako horiek— eta "gaziak" —jazarpenari buruzkoak—, biak dira, Bilbaoren arabera, aintzat hartu beharrekoak. "Finean, euskararen historia hor laburbiltzen da".
Libururako testu bat idatzi du, eta hor egindako ekarpen baten inguruan sakondu nahi izan zuen hitzaldian. Euskalgiltza deitu kontzeptuaren inguruan —"euskalgintzaren ekarpenari" buruz mintzatzeko sortua— egin zuen gogoeta: "Euskalgiltzak ere badu zer ekarria egungo testuinguruan, izan ere, gaur egungo egoerak euskararen normalizazioari ekartzen dizkion mugen kontzientzia duen neurrian, eztabaida orokorretan ekarpena egiteko eskubidea eta beharra ditu", nabarmendu zuen. Bide horretan "elkartasunez eta eskuzabaltasunez elkarlanean" jarduteko konpromisoa agerian utzi nahi izan zuen Kontseiluaren izenean.
Ezagun askoren topagune
Aieteko jauregia euskalgintzako jende ezagun askoren topalekua izan zen. Horietako asko hizkuntza jazarpenaren eta horri aurre egiteko saioen memoria bizia dira. Ezin denak aipatu, baina bai hainbat izen esanguratsu. Ikastolen hastapenetako jendea: Kontxita Beitia. Euskaltegietakoa: Sagrario Aleman. Politikagintzakoa: Itziar Aizpurua eta Onintza Enbeita. EHEkoa: Gabi Basañez eta Kontxi Erro. Eta inon sailkatzeko premiarik gabe euskalgintzan giltzari izan diren beste hainbat lagun: Joanmari Torrealdai, Paulo Iztueta, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Xabier Mendiguren, esaterako. Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanok agertzeko asmoa azaldua zuen, baina, eri zegoela eta, Marina Bidasoro Giza Eskubide eta Memoria Historikorako diputatuak ordezkatu zuen.