Zapatero babestuko zuela esan zion EAJk AEBetako enbaxadoreari

2008ko bozen ostean aitortu zioten jeltzaleek Aguirreri zein asmo zuten; hedabideetan, ordea, kontrakoa esan zuten

Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun


Espainiako 2008ko martxoaren 9ko hauteskunde orokorretan, PSOE gehiengo absolututik zazpi eserlekura geratu zen, eta negoziatu beharra zeukan Jose Luis Rodriguez Zapaterok gobernuburutzari eutsi ziezaion. Ordutik hona, EAJ izan du makuluetako bat, baina hauteskunde osteko lehenbiziko egunetan, jeltzaleek ez zuten sozialistei bidea errazteko asmorik gobernu erosoa izan zezaten, hedabideetan egin zituzten adierazpenak aintzat hartuz gero. Hedabideetan hori esaten ari zirela, ordea, martxoaren 12an Madrilgo AEBetako enbaxadara joandako EAJko ordezkaritza batek Eduardo Aguirre enbaxadoreari aitortu zion PSOEri gobernua emateko jarrera izango zutela.

Hori da egunotan Wikileaks argitara ematen ari den AEBetako Estatu Departamentuko eta enbaxadetako paper sekretuetan Euskal Herriko gaiez aurki daitekeen erreferentzietako bat. Erreferentzia ugari daude, zeharkakoak badira ere.

AEBetako enbaxadaren txostenean (08MADRID348 erreferentzia) ageri denez, Aguirrerekin elkarrizketatu ziren EAJko ordezkariek eskakizun «irrealistak» alboratu beharko zituztela esan zuten. «Hauteskunde osteko prentsa agerraldietan esan dutenaren aurka, EAJko buruek esan ziguten malgutasuna bazegoela euskal herritarren estatus politikoaren gaineko erreferendumari buruz. Ordezkari horiek esan zuten EAJk badakiela martxoaren 9ko bozetan atzerapauso nabarmena izan duela eta ez dagoela eskakizun irrealistak (unrealistic) egiteko moduan, Zapateroren gobernuan izan duen parte-hartzea errepikatu nahi badu». Enbaxadorearen informean ageri den moduan, EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk martxoaren 17an adierazi zuen bere alderdia prest zegoela sozialistekin kooperatzeko eta aztertu egingo zutela urriaren amaierarako aurreikusita zeukaten erreferenduma bertan behera uztea ere, Zapaterok Euskal Autonomia Erkidegoko estatutuaren gaineko eztabaida irekitzeko asmo benetakoa agertuko balu.

Hauteskunde «garrantzitsuak»

Espainiako AEBetako enbaxadak garrantzi handia eman zien 2008ko hauteskundeei, eta euskal auzia jarri zuen ardatz gisa. 2006tik jada ari ziren 2008ko bozei buruz mintzatzen, Zapaterori aurre egiteko PPren gabezien gainean egindako informe luze batean (06MADRID934). Espainiako Gobernuak ETArekin zituen elkarrizketak zirela eta, PP negoziazioen aurka agertu izana kalteko izan zuela eta azkenean Zapaterori nolabaiteko baimena eman behar izan ziola azpimarratzen du.

Elkarrizketa horien emaitzek 2008ko hauteskundeak baldintzatuko zituela aurreikusten zuen AEBetako enbaxadak. Zapaterok elkarrizketak hauteskundeak bitarte luzatuko balitu edo ordurako akordio bat lortuko balu, berrautapena poltsikoratuko zuela zioen informeak. Elkarrizketek porrot egingo balute, berriz, PPk aukera bat izan zezakeela uste zuen. Dena den, ETAk exijentziak handitu eta, ondorioz, PP elkarrizketen aurka jarriz gero, porrota PPri leporatzeko aukera ere bazegoela zioen txostenak.

ETAk su-etena hautsi osteko jokalekuan zetozen, ordea, hauteskundeak, eta horiei buruzko azken informean (2007ko abenduan) gaiak garrantzia izango zuela aurreikusten zuen (07MADRID2265).

Aurretik, 2007ko martxoan, Aguirrek, Alfredo Perez Rubalcabarekin izandako bileran, 2008ko bozetan ETAk eragiteko zuen gaitasunaz hitz egin zuten. Informean biltzen denez (07MADRID449), Rubalcabak enbaxadoreari adierazi zion ETAk PP «aginte aulkian» jar zezakeela.

«Rubalcabak enbaxadoreari esan zion gobernuak badakiela ETAk PP aginte aulkian jar dezakeela [...] PPko buruzagitzan edo goi postuetan den pertsona bat edo bi hiltzen baditu. Rubalcabak berehala erantsi zuen gobernua ez dagoela ziur ETAko buruak urrats hori egiten arriskatuko diren, baina beldurra da ETAko edozein jarraitzailek Espainiako kalkulu politikoak aldaraz ditzakeela horrelako ekintzaren bat eginez».

Iñaki de Juana

Rubalcabaren eta enbaxadorearen arteko elkarrizketa horretan hitz egin zuten baita ere Iñaki de Juanaz (07MADRID449).

Wikileaksen orain arte argitara eman diren testuetan Euskal Herriarekin zerikusia duen gai bakarretakoa da hau titulu propioa daramana, gainontzeko ia guztiak zeharka aipatzen baitira.

2005ean, kondena bete zuenean, De Juana aske utzi izan balute hobe litzatekeela aitortu zion Rubalcabak Aguirreri. Oinarri handirik gabeko akusazioetan luzatutako kondena «ordaintzen» ari zirela onartu zuen Rubalcabak. De Juana gose greban zen, eta Donostiako ospitalean ingresatu zuten. Espainiako Gobernuak kondena gehigarria betetzeko falta zitzaizkion hemezortzi hilabeteak etxean bete zezala agindu zuen. «Erabakizuzena» izan zen Rubalcabarentzat. «Rubalcabak esan zuen De Juana askatu zuten garaian, ETAko kidea, gose grebaren ondorioz, atzera itzuli ezinezko kalteak izatetik ordu batzuetara zegoela, eta denbora gutxian hil egingo zela Gobernuak jokatu zuen moduan jokatu izan ez balu. Rubalcabaren ustez, De Juana aske uzteko erabakiak espainiarren bizitzak salbatu zituen, 'ETAko gazte erradikalen martiri' izan zedin eragotzi baitzuten».

«Erabaki zuzena» izan zen Rubalcabarentzat, baina Gobernuak «ez zuen asmatu» erabaki hori gizarteratzen.

Rubalcabaren «erretiroa»

Kable horretan bertan, Aguirre enbaxadoreak Rubalcaba nekatuta ikusten duela dio: «Azpimarratu du 'Espainiaren pisua sentitzen duela sorbaldetan'. Ministerioko goiko aldean bizi da orain, bere etxean eraberritze lanetan ari direlako, eta bulegotik hain gertu bizita 'deskonektatzea' oso zaila egiten zaiola aitortu du. Estres zantzurik ikusten ez bazaio ere, ETAk abenduaren 30ean leherrarazitako bonbaren ondoko gertaerek arrastoa utzi diote».

2009ko urtarrilean utzi zuen kargua Aguirrek. Espainiako Gobernuari buruzko azken informean (09MADRID71), Rubalcabak Barne Ministerioa eta ziurrenera Gobernua laster utziko duela iragarri zuen Aguirrek, enbaxadoreek, AEBetakoak izanik ere, iragarpen okerrak egin ditzaketenaren seinale.

Ibarretxe ikusteko 'baimena'

2006ko ekainaren 9an, hainbat gairi buruz hitz egiteko Espainiako lehendakariorde Maria Teresa Fernandez de la Vegarekin edukitako elkarrizketa batean, Aguirrek komentatu zion Euskal Herrira bisita egiteko asmoa zuela ekainaren 22an eta 23an, bereziki hango enpresa taldeekin «negozioei buruz» hitz egiteko, baina Juan Jose Ibarretxe lehendakariari «kortesiazko bisita» egiteko asmoa ere bazuela. «De la Vega lehendakariordeak ez zuen inolako eragozpenik jarri bisita horren inguruan», dio enbaxadorearen informeak (06MADRID1490).

Frantziako polizia operazioak

Pariseko enbaxadak ere aipatzen ditu Euskal Herriarekin lotutako gaiak. Denak ETAren gainekoak dira, polizia operazioenak batik bat.

Hainbat informetan aipatzen bada ere, argitaratu direnetatik hirutan nabarmentzen da nagusiki: 2004, 2005 eta 2006ko «urteko terrorismoari buruzko txostenak».

2004koan (04PARIS8983), Mikel Albisu eta Soldedad Iparragirreren atxiloketak nabarmentzen dira. Kablearen arabera, atxiloketa horiek «kolpe gogorra» izan ziren ETArentzat.Albisu eta Iparragirreren atxiloketak Frantziako eta Espainiako polizien elkarlanari esker izan zirela azpimarratzen zuen txostenak. Elkarlan hori daurterik urteko txostenetan behin eta berriro aipatuko den gaietako bat.

2005ean (05PARIS8442), Unai Berroztegietaren estradizioa aipatzen du, euroaginduaren bitartez egin zen lehena. Informe horretan bertan aipatzen da 159 euskal preso daudela Frantziako kartzeletan.

2006koan (06PARIS7884), hainbat atxiloketa egin dituztela eta arma biltoki ugari aurkitu dituztela nabarmentzen dute. Hainbat preso estraditatu dituztela ere azaltzen da. Txosten horretan, Alain Ducasse sukaldari ezagunaren Bidarraiko Ostape hotelari ekainaren 11n eginiko erasoa ere biltzen da, eta Iparretarrak edo «Iparretarrak taldearen jarraitzaile» talde bati leporatutakoa dela dio AEBetako Pariseko enbaxadak.



ETAk 2006an emandako su-etena «Zapateroren garaipena» izan zen

Batasuna legalizatzea baino beste alderdi bat sortzea egokiago ikusten zuen AEBetako enbaxadoreak
K. A.

ETAk 2006ko martxoan eman zuen su-etenaren ondorengo kalkulu politikoei buruzko txostena ere idatzi zuen AEBetako enbaxadore Eduardo Aguirrek (06MADRID766). Haren ustez, su-etena «Zapateroren garaipena» izan zen, eta ateak ireki zizkion 2008ko hauteskunde orokorrak irabazteko.

Aguirreren ustetan, Zapaterok 2004an hauteskundeak irabazi ostean, atea irekita utzi zuen «ETAri lotutako indar politikoak» politikara itzul zitezen. Horrek eta ETAren «ahuleziak» talde armatua harea politikora jauzi egitea beste erremediorik ez duela konbentzitzera eraman dute.

Enbaxadaren informeak Sinn Feinen bitartekaritza aipatzen zuen, eta AEBetako lehendakari ohi Bill Clintonen interesa «prozesuan engaiatzeko» -enbaxadak baieztatzerik izan ez zuena-. ETA eta gobernuaren arteko elkarrizketak beste herrialde batzuetan izan zirela zioen Aguirreren informeak, besteak beste Norvegian eta Suitzan.

AEBetako enbaxadoreak nabarmentzen zuen, aurreko su-etenetan ez bezala, ETAk lengoaia desberdina zerabilela eta lehenbiziko aldiz ez zuela aipatzen autodeterminazio eskubidearen onarpena armak uztearen truke.

Bozen ondorengorako

Aguirreren analisiaren arabera, su-etenak eta negoziazioak abantaila handia eman behar zioten Zapaterori 2008ko hauteskundeak irabazteko.

Horregatik, enbaxadoreak aurreikusten zuen ETArekin lotu beharreko akordioa eta euskal auziari eman beharreko irtenbidea, edo EAErako estatutu berriaren onarpena, 2008ko hauteskundeen osterako utziko zituela Zapaterok.

Bitarte horretan, punturik «beroena» ezker abertzalea berriro hauteskundeetan lehiatzeko moduan izatea zen, Aguirreren ustetan. «Batasuna legalizatzearen zailtasunaren aurrean, aukerarik egokiena alderdi abertzale berri bat sortzea litzateke, Batasuna judizialki zigortuta baitago eta herritarrek ETAren terrorismoa defenditzen duen taldetzat dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.