Capbretongo erasoa

Zapatero Baionan izan da, zauritutako guardia zibila bisitatzen

Fernando Trapero oso-oso larri dago larunbateko gertaeraz geroztik. Espainiako Gobernuaren presidentea eta ministro gehienak ez dira gaur arratsaldean Madrilgo mobilizazioan izango.

2007ko abenduaren 4a
18:59
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentea Baionako ospitalean izan da gaur, Fernando Trapero guardia zibil zauritua bisitatzen eta Gobernuaren "gertutasuna" adierazten sendiari. Guardia zibilen familiak "min basatia, injustua eta onartezina" pairatzen ari direla adierazi du Zapaterok.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroa ere han izan da. Angel Piquemalle ospitaleko zuzendariak hartu ditu biak, 12:20an. Jose Varela Guardia Zibilaren zuzendariaren ondokoa eta Marc Cabane Frantziako Pirinio Atlantikoetako prefeta ere bertan izan dira.

"ETA desberdin baten aurrean gaude, eta ematen du ahulagoa dela gaur egun", esan du gaur Rubalcabak berak Capbretongo (Frantzia) larunbateko gertaeraz. "Azpiegitura-eta gutxiago daukate, baina horrek ez du esan nahi ez dutenik berriro hilko". Guardia zibil bat hil egin zen erasoan, eta Trapero oso-oso larri dago Baionako erietxean. ETAri leporatu diote hilketa.

Rubalcabak adierazi duenez, bi guardia zibil haiek ETAren kontrako operazio batean ari ziren parte hartzen, Frantziako poliziekin batera, "baina guztia une laburrean gertatu zen, eta guardia zibilak ez ziren ohartuko ezagutu egin zituztela". Tiroen egileen artean "ETAren buruzagiren bat" ote zegoen ez dakitela aipatu du Barne ministroak.

Gaur 19:00etan ETAren kontrako mobilizazioa egingo dute Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiek, CCOO eta UGT sindikatuek eta Espainiako Patrolanak deituta. AVTk eta Ermuko Foroak ez direla izango jakinarazi dute. EAE-ANV eta EHAK ilegalizatzen ez diren bitartean alderdien "batasunak" ez duela zentzurik uste du AVTk.

Zapatero eta Gobernuaren ministro gehienak ere ez dira bertan izango. "Manifestazioak herritarrentzat dira, eta gobernukideok bulegoetan egon behar dugu, horretarako ordaintzen digute-eta", adierazi du Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.