Joan zen larunbatean atentatua izan zen Barajasko aireportura joan da gaur Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero. "Bakea lortzeko lehen baino indar handiagoa" duela esan du, eta lan horretarako herritar guztien eta alderdi guztien babesa edukitzea espero duela.
"Justizia da bakea lortzeko bidea", Zapateroren iritzian. ETAri zuzendu zaio, "horrela ez dutela ezer lortuko" esanez, "demokrazian ez da mehatxatzen, eta gutxiago Gobernua".
Espainiako Barne Ministro Alfredo Perez Rubalcabak gaur baieztatu du Zapaterok Espainiako Kongresuan hitz egingo duela. Kongresuaren bilera hori "alderdi guztiak batzeko" izatea espero duela gaineratu du.
Elkarretaratzeak egin dituzte
Hego Euskal Herrian hainbat eta hainbat elkarretaratze egin dituzte gaur 12:00etan, erakunde publikoen aurrean, abenduaren 30ean Madrilen Barajasko aireportuan izan zen atentatua salatzeko. Isilunea gorde dute bilkuretan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak deituta egin dituzte elkarretaratzeak, Eudel udalen elkarteak babestuta, besteak beste. Atentatuaren ondoren, hildako bat behintzat, badago: Carlos Alonso Palate. Atzo aurkitu zuten suhiltzaileek eta poliziek hondakinen artean, autoaren barruan. Diego Armando Estacio desagertuta dago eta haren bila dabiltza. Biak Ekuadorrekoak dira. Eusko Jaurlaritzak Alonso Palateren heriotza "guztiz" deitoratu du, eta gaur Lakuan elkartu dira bertako ordezkariak, Juan Joxe Ibarretxe lehendakaria buru zutela. Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du euskal gizartea "bakearen alde" dagoela, berriro heriotzarik ez duela nahi, eta ez dutela atzera gaur bezalako bilkurarik deitu nahi.
Izaskun Bilbao Gasteizko Legebiltzarreko lehendakariak, berriz, esan du bake prozesua ahalbidetu zuten baldintzak berriro lortzea nahiko lukeela, "prozesu horrekin segitzeko, ez baitago beste biderik". Legebiltzarraren aurrean bildu da Bilbao, hainbat kiderekin batera.
Nafarroan ere egin dituzte bilkurak, bertako erakunde publikoek antolatuta. Iruñeko udaletxearen —‘Askatasunaren alde, ETA ez’ leloarekin— eta Nafarroako Justizia Epaitegiaren aurrean bildu dira. Udaletxe aurrean 200 lagun elkartu dira.
EAJ Bilbon Sabin Etxearen aurrean bildu da, ordu berean, Josu Jon Imaz EBBko lehendakaria buru dutela.
EAEko Justizia arloko hainbat ordezkari Bilbon bildu dira, Justizia Jauregiaren atarian, Pablo Britron Andrade Ekuadorreko kontsulatuakin batera. “Jendearen elkartasuna” eskertu du kontsulatuak.
Madrilen 100 lagun eta “Zapatero dimisioa” oihuak
Madrilen 100 lagun bildu dira elkarretaratzean, udaletxe aurrean. Bost minutuko isilunearen ondoren, “Zapatero dimisioa” oihuak entzun dira.
Jose Luis Zapatero Espainiako presidentea bera 12:15ean Barajasko aireportuan izan da, atentatua izan zen gunea ikusten suhiltzaileekin eta poliziekin batera.
UGT eta CCOO sindikatuek hilaren 13rako manifestazioa antolatu dute Madrilen, eta ‘Madril bakearen alde, terrorismoaren kontra’ leloarekin.
Atentatuta Madrilen
Zapatero: "Bakea lortzeko lehen baino indar handiagoa dut orain"
Espainiako presidentea Barajasen izan da gaur eta han esan du atentatuaren ostean "lehen baino ere indar handiagoa" daukala "bakea lortzeko". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan eta Iruñean bilkurak egin dituzte atentatuak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu