Joseba Egibar EAJren GBB Gipuzku Buru Batzarreko lehendakariaren iduriko, konponbide bat bilatze aldera ezinbestekoa da sentsibilitate politiko guztiak erakundeetan ordezkatuta egotea, eta, beraz, ezker abertzaleakbizitza politikoan parte hartzea. Aukera hori gauzatzea Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari dagokiola nabarmendu du: "2002 arte ez zen arazorik izan [Batasunaren parte-hartzearekin]. 2001eko porrotaren ondoren beste eszenatoki bat definitu zuten, eta jokalari bat -Batasuna-Herri Batasuna-Euskal Herritarrok- joko zelaitik bota zuten. Orain, Zapatero behartua dago jokalari hori berriro onartzera. Egin behar du, konpondu behar du, ausardiaz", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Egun une politiko zaila, korapilatsua, bizi dela uste du. Ildo horretatik, ETAri ohartarazi dioborroka armatuaren zikloa bukatu zaiola, eta luzatuz gero ezker abertzaleari egingo diola kalterik handiena: "ETA beraren eta, oro har, herritarren kalterako ez ezik, zuzenean ezker abertzalearen kalterako izango da", azpimarratu du.
Josu Jon Imaz EAJren presidenteak Espainiarekin izan beharreko harremanez egindako proposamenari buruzko iritzia ere eman du Egibarrek, eta ez da bat etorri jeltzaleen lehendakariarekin. Izan ere, bere helburua "Espainia limurtzea" dela agertu zuen Imazek; Egibarrek, ordea, inor limurtzen hasteko beste horrek norbera errespetatu behar duela iritzi dio, eta Espainiak ez duela Euskal Herria errespetatzen nabarmendu du.
Politika
Zapatero Batasuna onartzera behartua dagoela uste du Egibarrek
ETAri, berriz, borroka armatuaren zikloa amaitu zaiola iritzi dio EAJren GBBko presidenteak, eta luzatuz gero ezker abertzalearen kalterako izango dela ohartarazi du. Imazek Espainia limurtzeko egindako proposamena ez du bideragarri ikusten, Espainiak ez duelako Euskal Herria errespetatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu