Atentatua Madrilen

Zapatero: "ETArekin elkarrizketak izateko ekimenak bertan behera uzteko agindua eman dut"

Jose Luis Rodriguez Zapaterok garbi utzi nahi izan du, Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin elkarrizketarik izango "indarkeria dagoen bitartean". Gaur goizean Madrilen izan den "atentatu oso larriarekin" garbi geratu da Zapateroren iritzian, baldintza hori ez dela betetzen. Bonba-auto indartsua lehertu da gaur Madrilgo Barajas aireportuan, hainbat lagun arin zauritu dira eta desagertutako bi pertsonen bila ari da polizia. Leherketa izango zela esanez DYAra, Madrilgo suhiltzaileetara eta SOS Deiakera deitu dute aurretik, eta azkeneko deia egin duenak ETAren izenean ari zela jakinarazi du.

2006ko abenduaren 30a
20:02
Entzun
ETArekin elkarrizketak egiteko baldintza Espainiako Kongresuan onartutako adierazpenean zehazten dela gogorarazi du Zapaterok, alegia "ETAk armak uzteko intentzio nabarmena izatea". Gaurko "atentatu oso larriarekin" garbi geratu da Zapateroren iritzian, baldintza hori ez dela betetzen, eta horregatik, baldintza hori bete arte Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin elkarrizketarik izango azpimarratu du.

Gogor salatu du atentatua, eta kaltetuei elkartasuna azaltzeaz gain, Espainiako Gobernua beraiekin dagoela esan die. Herritarrei eskerrak eman dizkie "agertu duten jarreragatik", eta baita poliziei eta suhiltzaileei ere.

ETAk, "inoizko pausorik okerrena eta alferrikakoena" gaur eman du Zapateroren iritzian, eta "indarkeriarekin inork ez duela ezer lortuko" nabarmendu du. Atentatua eta ETArem su-etena "erabat bateraezinak" dira bere iduriko, eta Espainiako Kongresuak onartutakoaren "justu kontrakoa". Horregatik, ETArekin elkarrizketak izateko ekimenak bertan behera uzteko agindua eman duela jakiranazi du.

Prozesua "gogorra, luzea eta zaila" izango zela esan zutela gogorarazi du, eta gaurko eguna halaxe izan dela azpimarratu du. "Bi herritarrek agian bizia galdu dutelako, beste asko zauritu egin direlako, eta milakak bakean eta askatasunean bizitzeko aukera urruntzen ari dela ikusi dutelako".

Txikizio handia izan da

Barajas aireportuko laugarren terminaleko aparkalekuan egin du eztanda bonba-autoak, goizeko bederatzietan. Poliziak inguratuta zuen lehergailua zegoen furgonetaren ingurua. Poliziaren aurreneko datuen arabera, 500 kilo lehergailu inguru zituen bonbak. Txikizioa handia izan da eta hainbat lagun zauritu dira, arin.

Zortziak bost gutxi inguruan jaso dute lehendabiziko deia Gipuzkoako DYAn, minutu batzuk beranduago Madrilgo suhiltzaileetara deitu dute, eta ordu erdi beranduago, SOS Deiak-era. Lehergailua zuen furgonetari buruzko xehetasun ugari eman dituzte dei horietan, hala nola, Renault Traffic granate bat zela, matrikula zenbaki zehatza eta non zegoen aparkatuta. Jarritako bonba "potentzia handikoa" zela abisu eman du. "Ez saiatu bonba indargabetzen, akats larria izango da hori", gaineratu du. SOS Deiak-era 08:30etan deitu duenak ETAren izenean ari zela esan du.

Lau zaurituetatik bi poliziak dira eta beste bat taxista. Taxista horrek Radio Euskadin salatu du inork ez diela bonba mehatxuaren berririk eman gertatu den arte. Laugarren zaurituak lepoko eta belarriko mina du. Samurrek T4an bertan jarri duen unitatean artatu dituzte, eta azken zauritu hori Ramon y Cajal erietxera eraman dute. Beste 19 lagun ere artatu dituzte, belarriko eta buruko minekin.

Poliziak jakinarazi duenez, T4 termilaneko aparkaleku osoari eragin dio leherketak. Ke jario handia ikusten da urrutira; 11:00etan sua itzaltzen ari ziren, oraindik Madrilgo suhiltzaileak. Lekukoen arabera, txikizioa handia izan da, eta azaldu dutenez, termileko bi solairu erori dira. Terminaleko hegaldi guztiak bertan behera geratu dira 14:00ak arte. Orain martxan dira berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.