Zapatero ez da aurkeztuko datorren urteko Espainiako hauteskunde orokorretara

Hautagai berria izendatzeko prozesua maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean hasiko du PSOEk

2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako gobernuburu karguan zortzi urte nahikoak dituela erabaki du Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Ez du agintaldia beste lau urtez luzatu nahi, «PSOErentzat ez ezik, Espainiarentzat eta nire familiarentzat ere ez litzateke komenigarria». Horregatik, ez da hautagai gisa aurkeztuko datorren urteko hauteskunde orokorretara. Erabakia atzo jakinarazi zien alderdiko Kongresu Federaleko kideei Madrilen egin zuten bilkuran, eta proposatu zien maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen ostean abiatzea hautagai berria izendatzeko prozesua.

Bi legealditik gora ez egiteko erabakia aspaldi hartu zuela adierazi zuen Zapaterok, «presidente izendatzerako» hartua zuela. Eta boterean egoteak ez dizkio asmoak aldarazi, «kontrakoa, denborarekin indarra hartu du erabakiak». Buruan zuena publiko noiz egin erabakitzea gehiago kostatu zaio. Ohikoena legealdiaren hondarrera arte itxarotea bada ere, Zapaterok nahiago izan du urte eta erdi aurreratzea, bi arrazoigatik: batetik, azken asteetako zurrumurruak eta espekulazioak isilarazteko; eta bestetik, hautagai berria izendatzeko prozesua denborarekin egiteko. «Azken unera arte zain egoteak, espekulazioari hauspoa emateko baino ez du balio. Goizago edo beranduago emateko aukerez batzuen eta besteen iritziak entzun, eta hausnarrean jardun nahiz azken asteetan; eta azkenean, onena orain egitea dela pentsatu dut».

Egibarri, bost axola

Zapateroren aukera baztertuta, Espainiako presidentetzara nor aurkeztuko duen erabaki beharko du orain PSOEk. Aukera gehien dituztenak Alfredo Perez Rubalcaba presidenteorde lehena eta Carme Chacon Defentsa ministroa direla diote zurrumurruek, baina alderdi sozialistak oraingoz ez du txintik esan. Zapaterok, berriz, pazientzia izateko eskatu zien atzo alderdiko buruzagiei, «hautagai berria izendatzeko beharrezkoak diren denbora eta prozedurak errespetatzeko, horrek alderdiaren sendotasuna bermatuko duelako». Dena behar bezala egiten badute, gizarteari ahal den hautagaitzarik onena eskaintzeko moduan izango direla adierazi zuen Zapaterok.

Espero zitekeen moduan, Zapateroren erabakiak sekulako erreakzio zaparrada eragin du, baita sozialisten artean ere. PSE-EEren ustetan, Zapaterok «herrialdearekiko ardura eta eskuzabaltasun politiko izugarria» dituela erakutsi du erabaki hori hartuta. Eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «banatzen duena beharrean, batzen duena» aukeratzeko garaia dela esan die hautagai berria izendatzeaz arduratuko diren alderdikideei.

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteari, ostera, ez dio inolako zirrararik eragin Zapateroren erabakiak. «Ez dela berriz aurkeztuko? Eta zer?», galdetu zuen atzo Tolosan, zer iritzi zuen galdetu ziotenean. Euskadin PSE-EEk eta PPk estrategia bera izaten jarraitzen duten bitartean, haiek egiten dutena ez zaiola batere inporta argitu zuen.

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiaren ustetan, berriz, Zapatero kentzeko erabakia aspaldi hartua zuen alderdi sozialistak, haren irudia «erreta» dagoela. Horrenbestez, ez du askorik harritu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.