Bestalde, Eusko Legebiltzarreko iturriek jakitera eman dutenez, Juan Maria Atutxa Espainiako Kongresura joango da Estatutu Berrirako Proposamena eramatera. "Abenduaren 30ean hartutako erabakiaren garrantziaren aurrean, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria joango da Madrilera proposamenaren berri ematera". Oraindik ez da zehaztu hori noiz izango den. "Ezin izan dugu orain arte Espainiako Kongresuko lehendakariarekin hitz egin. Hori dela eta, ezinezkoa izan da data bat zehaztea. Hala ere, gure asmoa proposamena Madrilera lehenbailehen eramatea da".
PP ez da Ibarretxerekin bilduko
Aste osoan zehar Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten alderdien ordezkariekin hitz egiteko asmoa azaldu du Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak. Helburua bozeramaile guztiekin hitz egitea dela azpimarratu du, "Estatutu politiko berrirako proposamenaren analisi bat egin eta nola bideratu adosteko". PSE-EEko idazkari orokor Patxi Lopezek Ibarretxerekin biltzeko asmoa duela azaldu du, "proposamenaren aurka dugun jarrera sendoa" azaltzeko. PPk, berriz, ez duela Ibarretxerekin hitz egingo azpimarratu du Maria San Gilek. "Alderdi Popularrak ez du terroristekin egindako hitzarmen baten inguruan eztabaidatzeko inolako asmorik".
Jaurlaritzaren ESTATUTU pROPOSAMENA
Zapatero: "Ibarretxeren Planak ez du aurrera egingo"
Espainiako Gobernuko Presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok gaur Sevillan adierazi duenez, "Ibarretxeren Planak ez du aurrera egingo. Gaur egun ez du inolako zilegitasun juridikorik; ez Ibarretxe ez beste inor ezin da legearen gainetik egon". Espainiako Gobernua iragan abenduaren 30ean adostutako Estatutu Berrirako Proposamenaren aurkako neurriak ikertzen ari dela onartu du Zapaterok. "Legearen aldetik nola erantzun ikertzen ari gara. Gobernu honek irmo erantzungo dio egoera berriari. Demokrazian legeak dira herrien etorkizunak zehazten dituztenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu