Estatuaren egoerari buruzko eztabaida Espainiako kongresuan

Zapatero: "Politikak indarkeria bukatzen lagun dezake"

ETAk indarkeria lagatzearen truke ez dutela "sari politikorik" ordainduko esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan, Espainiako Kongresuan, baina era berean "politikak indarkeria bukatzen" lagun dezakeela nabarmendu du. Halaber, "itxaropenaren alde" lan egingo duela agindu du.

2005eko maiatzaren 11
16:42
Entzun
"Ohartarazi nahi dut inork ez duela ilusiorik egin behar, ETAren historiak ez duelako horretarako biderik ematen. Baina nire obligazioa da itxaropenaren alde lan egitea. Jaun-andreok ganberaren aurrean berretsi nahi dut indarkeriaren amaierak ez duela ordainsari politikorik izango baina, aldi berean diot politikak lagun dezakeela indarkeria bukatzeko", esan du Rodriguez Zapaterok Espainiako Kongresuko Estatuaren egoerari buruzko eztabaida abiatu duen hitzaldian.

12:00etan Zapaterok ireki du saioa, eta ordu eta erdiz urtebeteko agintealdiaren errepasoa egin du. Euskal Herriko gatazka izan du hizpide nagusietako bat. Aipatubezala, indarkeriaren amaieraren truke ez dutela sari politikorik ordainduko agertu du Espainiako presidenteak, baina, era berean, onartu du politikak bortizkeria amaiarazten lagun dezakeela.

Ildo horretatik, indarkeria bukarazteko "atsedenik gabe" lan egingo duela agindu du. PPri, berriz, oposizioan denetik sozialistekin "terrorismoaren aurka" duen ituna behar bezala ez betetzea egotzi dio; areago, beren alde baliatzea.

Euskal Herriko gatazka ez ezik, Kataluniako Estatutu erreformaren inguruan eta, zehazki, finantzaketa eredu berriaren gainean sortu den eztabaida izan da Zapateroren hitzaldiaren ardatzetako bat. Finantziazio ereduaren eztabaida ez dela alde bikoa soilik izango iragarri du Zapaterok; hau da, ez dutela Madrilek eta Kataluniak bakarrik negoziatuko. Aldiz, autonomia guztiek parte hartuko duten debatea iragarri du arlo hori erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.