Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok tinko defendatu zituen atzo Espainiako Kongresuan osasun arazoak argudiatuz kontrolatzaileek ostiralean egindako lanuzteen aurka gobernuak hartu zituen neurriak. «Alarma egoera ezarri aurretik, horren murriztaileak ez ziren neurriak hartzen saiatu ginen, baina kontrolatzaileen jokabideak ez zigun beste aukerarik eman. Herritarren zirkulazio eskubidea urratzen ari ziren». Gainera, «xantaia» egin nahi izatea egotzi zien kontrolatzaileei. «Aire eremua blokeatzen zuten bitartean, lan hitzarmen proposamen bat bidali ziguten; eta mehatxu egin ziguten, ez bazen sinatzen lanik egin gabe jarraituko zutela».Zapaterok ez du baztertzen alarma egoera luzatzea, «xantaia arriskuak» jarraitzen badu.
Oposizioko alderdi nagusiek alarma egoera ezarri izana babestu zuten atzo. Dena den, Espainiako Gobernuak aireko kontrolatzaileen lan hitzarmena negoziatzeko izan duen modua kritikatu zuten. «Gobernuaren porrota izan da gertatutakoa», adierazi zuen Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak. NaBaiko Uxue Barkosi, berriz, «neurrigabeak» iruditu zitzaizkion bai kontrolatzaileen baita Espainiako Gobernuaren jokabideak ere. «Gertatutakoaren errudun bakarrak kontrolatzaileak dira, baina alarma egoera ezartzea ez da iraun egingo duen arazo bat konpontzeko bidea. Ez da beharrezkoa egoera horretan jarraitzea».
Aireko kontrolatzaileak atzo ziren hastekoak fiskaltzaren aurrean deklaratzen, baina uko egin zioten. USCA aireko kontrolatzaileen sindikatuak bi helegite jarri ditu, «aireportuen militarizazioaren» kontra. «Zalantza handiak ditugu dekretuak onartzeko Espainiako Gobernuak jarraitutako prozeduraren inguruan». CesarCabo sindikatuko bozeramailearen arabera, hegazkinek hegan egiten jarrai zezaketen, beraiek kontrol dorreetan egon ez arren. «Beharbada, ez egunero bezala, baina aukera zegoen hegan egiten jarraitzeko. AENAk hartu zuen aire eremua ixteko erabakia».
Zapaterok dio alarma egoera luza daitekeela, «xantaiak» segitzen badu
«Aireportuen militarizazioaren» kontra bi helegite jarri ditu kontrolatzaileen sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu