Politika

Zapaterok ekainaren 27a baino lehen hartuko du Ibarretxe

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu edo ez, ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako galdeketa deitzeko.

2008ko apirilaren 28a
18:55
Entzun
Espainiako Gobernuko iturrien arabera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ekainaren 27a baino lehen hartuko du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ibarretxek iazko irailaren 28an iragarri zuen ekainaren bukaerarako Eusko Legebiltzarrera joko duela herri galdeketaren asmoaz hitz egitera; baliteke ekainaren 27an deitzea osoko bilkura. Espainiako Gobernuak, berriz, oraindik ez du bileraren egun zehatzaren berri eman.

Ibarretxe 2008ko urriaren 25ean egin nahi du herri galdeketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekainerako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahi du, bi irizpidetan oinarrituta: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.

Zapatero eta Ibarretxe iazko urriaren 16an elkartu ziren, Moncloan, Jaurlaritzako lehendakariak hiru aste lehenago egitasmoa azaldu ondotik. Espainiako gobernuburuak baztertu egin zuen egitasmoa, eta esan zion herri galdeketa Estatuak baino ezin duela deitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.