Atentatua Madrilen

Zapaterok esan du prozesua bukatu dela atentatuaren ondoren

Espainiako Gobernuko presidentearentzat, prozesuak "funtsa" elkarrizketan zeukan eta atentatuarekin hori dena "puntu eta bukaerara iritsi da". "Konbentzituta" dago "indarkeriaren bukaera eta bakea" lortzea posible dela. "Saiatuz gero baino ez da lortzen".

2007ko urtarrilaren 6a
16:06
Entzun
Jose Luis Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak esan du prozesua bukatu dela Barajasko atentatuaren ondoren. Haren ustez, prozesuak "funtsa" elkarrizketan zeukan eta atentatuarekin hori dena "puntu eta bukaerara iritsi da". Madrilen kazetariekin egindako hitzaspertuan adierazi du hori.

Presidentea "Konbentzituta" dago "indarkeriaren bukaera eta bakea" lortzea posible dela. "Saiatuz gero baino ez da lortzen", esan du eta helburu hori erdiesteko "irizpide demokratikoak eta demokraziaren bideak" erabiliko ditu.

Orain arte ez dutela akatsik egin esan du Zapaterok, eta PPrekin eta beste alderdiekin ez duela borroka egiteko asmorik "terrorismoa bukatzeko" garaian.

PSE-EE "oso kritiko" Ibarretxeren deialdiarekin

'Bakearen eta elkarrizketaren alde' lelopean manifestaziora deituko Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hilaren 13rako, eta gaur Isabel Celaa PSE-EEko Gasteizko legebiltzarkideak esan du bere alderdia "oso kritiko" dagoela deialdiarekin. "Leloa oso anbiguoa da eta hau bezalako une larrian Ibarretxek bere kasa antolatu du". Hala ere, PSE-EEk oraindik ez du erabaki joan-ez; asteartean erabakiko du zer egin.

PPk gaur berriro esan du Ibarretxek "akatsa" egin duela, "leloaren atzean ETA eta Batasuna azal daitezkeelako". Javier Madrazo EB-Berdeetako kooardinatzaile nagusiak PSE-EEri eta Batasunari zuzendu die mezua: "Euren adierazpenekin koherenteak balira, manifestaziora joango lirateke".

Manifestazioa Bilbon izango da, 17:00etan. Lehendakaria Eusko Jaurlaritzarekin eta Kontseilu Politikoarekin bilduko da asteartean, eta bileren ostean egingo du ekitaldirako deia.

Manifestaldiaren helburua bakea aldarrikatzea da Lehendakaritzaren iturriek dioetenez, eta argi uztea "hiritarren gehiengoak, baita ezker abertzalekoak ere, ez duela onartzen su-etena apurtu dela". EAk eta EB-Berdeak han izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.