Politikarien solasaldia

Zapaterok Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan agertutako jarrera "garrantzitsua" dela uste du Barrenak

Herenegun eta atzo Espainiako Kongresuan egin den Estatuaren egoerari buruzko eztabaida izan dute hizpide nagusi politikariek Euskadi Irratiko solasaldian. Parte-hartzaile guztiek —EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak, Batasuneko Pernando Barrenak, EAko Sabin Intxaurragak eta EBko Mikel Aranak— uste dute nolabait PP-PSOE Itunaren haustura irudikatu dela eztabaidan, baina abertzaleek eta EBk hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko galdegin diote. Nolanahi ere, Zapaterok agertutako jarrera "garrantzitsua" izan dela iritzi dio Batasuneko Barrenak.

2005eko maiatzaren 13a
11:01
Entzun
EAko Intxaurragaren eta EBko Aranaren arabera, datozen asteetan, Eusko Legebiltzarrean lehendakaria aukeratzeko egingo den eztabaidan frogatuko da PP eta PSOEren arteko haustura benetakoa den, edo itxurakeria hutsa. Hain zuzen ere, batak zein besteak uste dut litekeena dela Espainian halako jarrera urruna erakustea, baina gero, Euskal Herrian, bi alderdi horiek bategitea lehendakaritza lortzeko.

"Datozen asteetan Euskal Herrian, Eusko Legebiltzarrean lehendakariaren aukeraketan, ikusiko dugu Madrilen irudikatutako haustura hori bebetajia den, eta hemen ere haustura gauzatzen den. Hori gertatzen ez bada, nik ez diot batere sinesgarritasunik emango PSOEri", esan du Intxaurragak.

"PP Galiziako hauteskundeei begira dago, eta PSOErekin haustura irudikatuk nahi du. Itun Antiterrorista esaten dioten hori lehendarik ari zen ahultzen, eta bertan behera geratuz gero mesederako izango da. Baina ikusi beharko da PPk eta PSOEk Euskadin zein jokabide duten eta hemendik aurrera zer gertatzen den. Eztabaida amaitu da, eta orain pausu zehatzak eman behar dira. Orain, horren zain gaude", iritzi dio EBko Aranak.

EAJko Olanok Zapateroren diskurtsuan onerako zantzuak ikusten ditu, itxurakeriatik haratago, jarrera politikoaren aldaketa adierazten dutenak; hain justu, Euskal Herriko gatazka konpontzeko Espainiako gobernuburuak politikaren aldeko apustua egin duela ulertu du Olanok. "Uste dut politikaren garaia iritsi dela, eta Zapateroren hitzetan hori ulertu dut; apust hori egin behar dela. Poza hartu dut Zapatero hitzez gutxienez horren alde agertu delako", nabarmendu du.

Zapateroren eskema

Ildo bertsutik, Espainiako presidenteak Kongresuko eztabaidan agertutako jarrerari ez zaiola garrantziarik kendu behar uste du Batasuneko Barrenak. "Nik ere uste dut hitzetatik ekintzetara igarotzea ezinbestekoa dela, baina ez diot garrantziarik kendu nahi Zapateroaren diskurtsuari, ez bailitzateke justua izango", adierazi du. "Kongresuko eztabaidaren ondorioz PP-PSOE Ituna desagertu da; politika maltzur eta ukatzaile baten inguruko kontsentsua lehertu da. Urteak eman ditugu sozialistek hori eskatzen, PPren teorietatik urrun zedin galdegiten. Hori gertatu da eta horrek garrantzi handiko momentu politikoa markatzen du", nabarmendu du.

Nolanahi ere, Euskal Herriko gatazkari bide politikoetatik heltzerakoan zein eskemari helduko dion da orain Barrenari zalantza sortzen diona: "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko oraindik ez dakigu zein den Zapaterok abian jar dezakeen eskema. PSOEko hainbat kideren hitzetatik ondoriozta daiteke, eskema hori Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazio batera mugatuko dela, eta negoziazio horretan Madrilek ETAri eskainiko diola armak uztearen truke presoak askatzea. Hori akatsa litzateke, gauza bat baita gatazka politikoa eta bestea horren inguruan sortzen den indarkeriazko fenomenoa. Biak batera tratatu behar dira irtenbide orokor bat bilatu eta finkatzeko", agertu du.

PSE-EEko Etxezarretak Zapateroren eskema zehatz zein den ez dakiela erantzun dio Barrenari, baina euskal herritarren gehiengo handi baten borondatearen errespetuan oinarrituko delairadoki du. "Zapaterok esan izan du euskal herritarren gehiengo handiak erabakitzen duenarekin bat etorriko dela; iradokitzen ari da politikan arriskatu egin behar dela, eta jendearen borondatea errespetatu egin behar dela. Zentzu horretan esperantza daukat. Uste dut garai guztiz diferenteak datozela, beste harreman mota bat", esan du. Hain justu, Etxezarretakuste du horregatik izan dela PPren jarrera hain bortitza, bakarrik geratzeko arriskua ikusten duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.