Egigurenen aburuz, "Eusko Alderdi Jeltzaleak berak onartzen duen proposamena Espainiako Gobernuak onartzea nahi du. Guk, berriz, honakoa nahi dugu: euskaldunen gehiengo sendo batek esaten duena Espainiako Gobernuak onartzea. Ez da gauza bera, inondik inora. Gutxiengoan dagoen gobernu baten proiektua Madrilek onartzea ez du logikarik. Zer gertatuko litzateke hurrengo hauteskundeak PSE-EEk irabaziko balitu? Berriz ere Euskadiko estatusa aldatu beharko litzateke? Marko politikoa aldatzeko ez da nahikoa gutxiengoan dagoen gobernu baten laguntza".
Egigurenek ez du baztertzen Zapateroren gobernu berriak "kartzela politikaren alorrean keinu batzuk egitea". Dena den, lehenengo urratsa ETAk eman behar duela dio. "Gaizki ohituta gaude. Beti nahi dugu besteek egitea mugimenduak, kanpotik etortzea konponbidea".
Senaturako eta Kongresurako akordio globala lortu zuten atzo Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten talde guztiek, PPk inolako itunik egingo ez zuela adierazi ostean. Itun berri horri esker, Javier Rojo Arabako PSE-EEko idazkari naguisa Espainiako Senatuko Mahaiko presidentea izango da legegintzaldi berrian. Egiguren pozik agertu da akordioarekin. "Alderdi sozialista oso ondo hasi da gauzak egiten; indar politiko guztiei tokia emateko xedea agertu du. PP izan da bere burua kanpo utzi duena". Iragan astean jakitera eman zenez, Jose Bono izango da Espainiako Defentsa ministro berria. Izendapen horren aurkako kexa ugari egon dira, batez ere Euskal Herrian. "Bonok oso gogoko du apezpiku eta militarren artean ibiltzea", adierazi du Egigurenek, ironikoki.
Euskal Herria
Zapaterok "euskaldunen gehiengoak" esaten duena bere gain hartuko duela berretsi du Egigurenek
PSE-EEko ordezkari Jesus Egigurenek Euskadi Irratian adierazi duenez, "Zapaterok euskaldunen gehiengoak esaten duena bere gain hartuko du". Kontuak kontu, Gernikako Estatutuaren erreformari ateak irekitzen dizkion PSE-EEren proposamenak eta Eusko Jaurlaritzaren proposamenak zer ikusirik ez dutela azpimarratu du. "Jaurlaritzak ez du Gernikako Estatutuaren erreforma proposatzen, estatus politiko berri bat eskatzen du. Gernikako Estatutuak bere bideak ezartzen ditu erreformak egiteko; Ibarretxeren planak, berriz, ez ditu bide horiek jarraitzen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu